Espainiako Txapelketaren finala gaur, Irazustabarrenak eta Arrietak

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00

Iruñean jokatuko dute, 10:00etan, Errekaleorren kontra. Ordu berean dauka Herriartekoaren final laurdenetako bueltakoa Astigarragak, etxean.

Txapelketatik txapelketara, partiduz betetako garaia dute Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarrek. Eta ematen ari diren maila onaren emaitza da, gaur jokatuko dutena: trinketeko Espainiako Txapelketaren finala izango dute, goizeko 10:00etan, Iruñeako Mendillorri auzoan.

Aurrean izango dituzte Errekaleor taldeko Nagore Martin eta Ane Ibañez. Aurreko asteburuan, nagusitasunez irabazi zuten semifinala hernaniarrek, Oberena taldearen kontra (15-3 eta 15-5); eta maila horretan aritzea espero dute gaurkoan ere, txapelak ekartzeko.

Bailaran bertan ere, izango da zita garrantzitsurik, gaur ber­tan. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final laurdenetan, bueltakoa izango du Astigarragak, Txomiñenen, goi­zeko 10:00etan hasita. Tolosa izan­go dute aurrean, eta joanekoan 1-2 galdu ondoren, buelta eman beharko diote astigartarrek. Ez zituzten nahi bezain emaitza onak lortu orduan, eta asko zaildu zitzaien semifinaletara pasea. Edonola ere, gaur bi partidu irabazi eta zazpi tantoren desabantailari buelta ematen saiatuko dira astigartarrak.

Bestalde, Hernaniko kiroldegian, ate irekien saioak egingo dituzte ekainaren 7an eta 10ean, LH6 eta DBH1eko ikasleentzat, 15:45etan hasita. Materiala han utziko diete, eta nahikoa da bertara azaltzea. Joan den ostegunean egin zuten aurrenekoa, eta taldetxo bat azaldu zen. Datorren astean emango diote segida.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!