Oso asteburu garrantzitsua futbol taldeentzat, gora zein behera begira

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00

Azkeneko fasea hasiko du Mundarrok gaur, Erregional Preferenteetan.

Igoera fasean aurrera egitea bilatuko dute Hernaniko eta Mundarroko mutilen taldeek, eta mailari eusteko lehian ari dira Hernaniko neskak.

Asko daukate jokoan bailarako futbol taldeek, asteburuan. Gora begira daude batzuk, igoera lortu nahian; baina mailari eusteko lehian ari dira besteak.

Aurreneko kasua da Hernaniko mutil nagusiena, Ohorezko Erregional mailan. Igoera faseko finalera sailkatu nahi dute, eta horretarako, bihar daukate azkeneko pausoa: Eibarren jokatuko dute, talde armaginaren kontra, goizeko 11:30etan. Joanekoan Zubipen 2-0 irabazi ondoren, abantaila horri eutsi nahi diote berdeek, hirugarren mailara igoera are gertuago izateko.

Onenen artean ari da Mundarro ere, mutilen Erregional Preferenteetan; eta gaur hasiko du azkeneko fasea, final laurdenetan. Vasconiaren kontra jokatuko du, Donostiako Puio zela­ian, arratsaldeko 18:00etan.

Bestelakoa da Hernanik daukan erronka, nesken Euskal Ligan. Mailari eusteko borrokan dago oraindik, bereziki aurreko asteburuan galdu ondoren. Bi partidu falta zaizkio jokatzeko, eta gutxienez horietako bat irabazi beharko du, mailari eustea ziurtatzeko. Gaur daukate aurreneko aukera, baina ez da xamurra izango: Alaves B izango dute aurrean, multzoko liderra dena; arratsaldeko 16:00etan hasita, Gasteizko Compañonen.

Eta Mundarroko 1go mailako erregionalek, azkenik, gaur daukate txapelketa faseko semifi­na­la, 16:00etan Zarkumendegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!