Azken urteotan denon ahotan dago jasangarritasuna. Kontzeptu zabala dela argi ikusi da orain arte, eta makina bat definizio eman daitezke horren bueltan. Hain justu, hamaika adar biltzen ditu, eta horietako bat da eraikuntzena; eta, zehatzagoak izateko, eraikuntzen eraginkortasun energetikoa. Kontuan izan behar da etxean edo lantokian, denboraren ehuneko haundi bat ematen dugula. Hori horrela, lehenesten da eraginkortasun energetikoaren irizpideekin eraiki edo errehabilitatu den eraikinak izatea.
Hari horri tiraka, Hernaniko Kursaal Taldeak, esaterako, gastu energetikoa nabarmen murriztea lortzen du, eraikin baten errehabilitazio energetikoa sistema egokiarekin bat eginez, eraikinaren iraunkortasuna luzatzea lortzeaz gain. Horren ondorioz, etxea edo bulegoa bero eta goxo mantentzen da, energetikoki efizienteagoa da eta, horrez gain, etxebizitzen barruko baldintzak hobetzen ditu.
Eraginkortasun energetikoa erdigunean, eraikuntzen birgaitze prozesuan
Hilabeteroko energia kontsumoa murrizteaz gain, abantaila ugari ditu eraginkortasun energetiko altuko eraikinak eraikitzeak. Izan ere, hitz gutxitan esateko, higiezinaren errehabilitazio energetikoaren alde egitea da epe labur eta luzera bizi-kalitate hobea izatearen alde egitea. Edonola ere, gaur egun, dagoeneko eraikita dauden eraikin askok ez dute sistema hori jarraitu; eta, beraz, gomendagarria da errehabilitazioan adituak direnen esku uztea lan hori.
Erabaki hori hartuz gero, badira aintzat hartu beharreko hainbat alderdi. Isolamendu termikoak, adibidez, SATE teknikarekin edota fatxada aireztatuko sistema batekin, besteak beste, etxebizitzen barruko tenperatura egonkor mantentzea lortuko dugu. Gainera, barne-kondentsazio eta hezetasunekin lotutako arazoak konponduko dira. Eraikin isolatu baten portaerak termo baten antzera jokatzen du. Eta termoek, eraikin isolatuek bezalaxe, barneko tenperatura egonkorra mantentzen dute. Era berean, aurrez aipatu legez, errehabilitazio hori eginez gero, energiaz gain, ekonomian ere aurreztuko da, gastuak baxuagoak izango direlako.
Ingurumenerako, beharrezkoa
Bestalde, frogatuta dago eraikinek hondakinen %35 eta CO2 isurien %40 ekoizten dutela. Alde horretatik, eraikinen errehabilitazio energetikoa funtsezkoa da ingurumen-inpaktua murrizteko eta Europar Batasunak ezarritako helburuetara egokitzeko. Horixe bera dio EBk 2050eko ibilbide-orrian, energia berriztagarriei, eraginkortasun energetikoari eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteari dagokienez. Hauxe da txostenean zehazten dena: isurketak 1990eko mailetatik %80 behera murriztu behar dira; eraikin bateko energiaren %32, gutxienez, energia berriztagarrietatik etortzea lortu behar da; eta, azkenik, energia-eraginkortasuna, gutxienez, %32,5 hobetu behar da.
Gaur egun, Gipuzkoan, 35.000 etxebizitza baino gehiagok 40 urtetik gorako antzinatasuna dute; alegia, energia-eraginkortasunari buruzko araudiak ez zeudenean eraiki ziren. Horrek esan nahi du, lurraldeko eraikinak energetikoki eraginkorrak izan daitezen, 300.000 birgaitze inguru egin beharko liratekela urtero, datozen 50 urteetan.
Erronka horretan bat egin dute, euskal administrazio publikoek. Hain justu, bat egin dute errehabilitazio energetikoaren aldeko apustuarekin, eta aipatutako ibilbide-orriak ezarritako helburuak lortzeko bidean jarri dira. Hori egiteko, energia-errehabilitazioei ekiteko laguntzak sustatu dituzte; eta, era berean, auzo-eskalan errehabilitazio energetikoak egiteko helburuz, hainbat ekimen egin dituzte.
Kontsumo baxuko eraikuntzak
Etxebizitzen sektorea da energia gehien kontsumitzen duen sektoreetako bat. Hortaz, ia kontsumo zeroko eraikina lortzeko, eraikuntzen errehabilitazioa jasangarritasun energetikoaren aldeko apustu sendoa da.
ECCNren (ia nulua den kontsumo-eraikina) irizpidea da obra berriko eraikinetan aski ezaguna den teknika. Hala ere, errehabilitazio-proiektuetan, posible da eraikinak prestatzea ahalik eta energia gutxien kontsumitu dezaten. Horretarako, Kursaal Taldeak, adibidez, lodiera haundiko isolamenduarekin egiten du lan; eta, horrekin batera, prestazio altuko leihoak jartzen dituzte, eta aireztapen-sistemekin eta bestelako sistemekin parekatzen dituzte. Modu horretan, eraikinaren energia-eskaria murrizten dute, bertako erosotasuna eta airearen kalitatea hobetzeko.
Iraunkortasunaren aldeko apustua, Urumea bailaran
Ideia hauen alde egiten dute Urumea bailaran ere, eta pixkanaka, sistema hori erabiltzen hasi dira inguruko hainbat eraikinetan. Kulturarteko Plaza Feministako eraikuntza, adibidez, eraginkortasun energetiko altuko eraikina da orain. Kursaal Taldeak Passivhaus EnerPhit estandarraren teknika erabili du errehabilitazio lanak egiteko. Aldaketa horri esker, eraikinaren kontsumoa oso baxua da; alegia, ez du apenas energiarik kontsumitzen. Hori ez ezik, energetikoki ere oso eraginkorra da.
Hainbat xehetasun txertatu dituzte prozesuan: besteak beste, isolamendua, hermetikotasuna, eta aireztapena. Hala, isolamendurik gabeko eraikin tradizional batekin alderatuta, energia-kontsumoaren beharrak %70 eta %90 artean murriztea lortu da. Bestalde, eraikinak, orain, prestazio energetiko haundiko leihoak ditu, eta hermetikoa izatea lortu dute. Horrela, lehen ez bezala, airea ez da airea leihoetatik, hutsuneetatik edo bestelako arrakaletatik sartuko.
Horrekin batera, aireztapen mekanikoko sistema bat instalatu dute, beroa berreskuratzeko sistemarekin. Teknika horren bidez, airearen berriztapena lortu da, airea barrualdetik isurtzen delako eta kanpoko aire garbia sartzen delako. Prozesu horri esker, gainera, eraikinaren airea berritu egiten dela esan daiteke eta eraikinaren barruko airearen kalitatea ezin hobea da.
Horregatik guztiagatik, komeni da errehabilitazio energetikoa kalitatean eta eraginkortasunean egindako inbertsio gisa ikustea. Aldaketa horiek eginez gero, kontsumo energetikoa eta gastu ekonomikoa baxuagoa izango da. Eta horrez gain, ongizatea lortuko da eta ingurumenean eragin positiboa izango du. Laburbilduz, eraikuntzen errehabilitazioa abian jarrita, jasangarritasunaren hiru alderdiak lortuko dira: alderdi ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa.