Kontsumoa murrizteko gakoa da gaiaren gainean informatuta egotea

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00
Argi-tarifa berria jarri zen martxan hilaren 1ean, eta prezio egonkorreko tarifak desagertu dira.

Energiaren eta, batez ere, elektrizitatearen kontsumoaren murrizketa sustatzea da gaur egungo erronka nagusietako bat. Horretarako, hainbat argibide eman dituzte gaian adituak direnek. Beraz, kontsumoa murrizteko eta gastua baxuagoa izateko, aholku horiek jarraitzea besterik ez da gakoa. 

Hilabeteko argindarraren faktura kezka izaten da herritar askorentzat. Izan ere, hilabetetik hilabetera aldatu egiten da batzuentzat, eta kasu askotan, okerrera egiten du, gainera. Elektrizitatea garestitu egin dela esaten dute askok. Hala ere, gaiari buruzko informazio falta dagoela esan genezake. Horixe bera diote, hain justu, Energia Argitu proiektuaren arduradunek. Gainera, hori ez ezik, kontsumoa haundia izateak kalte egiten dio ingurumenari ere. Beraz, komeni da zenbait argibide eta aholkuren berri izatea, kontsumoa murrizteko eta, ondorioz, gastua ere baxuagoa izateko.

Lehenik, argiaren prezioan eragiten duten zenbait faktore ezagutu behar dira.  Alde batetik, ingurumen faktoreak aipa daitezke. Izan ere, energia ekoizteko modu asko dago. Horien artean daude energia berriztagarriak, guztien artean garbienak eta merkeenak. Hala ere, klima aldaketaren ondorioz, gero eta elektrizitate gehiago sortzen da erregai fosilekin: gasa eta ikatza. Argiaren ordainagiriari eragiten dioten energia garestiagoak dira azken horiek.

Horren haritik, Euskal Herrian oro har ez, baina Espainiako zenbait zonaldetan, baldintza klimatikoek (euri ezak, urtegi hutsek edo haize ezak) ordezko energia gutxiago sortzea eragiten dute; hidraulikoa edo eolikoa, kasu. Esaterako, haize-eskasia dagoen lekuetan, energia eolikoa sortzea zaila da. Ondorioz, elektrizitatearen prezioa garestitu egiten da, beste ekoizpen-iturri batzuk erabili behar direlako. Gauza bera gertatzen da euri faltarekin, energia hidraulikoaren ekoizpena murrizten duelako.

Kontsumitutako energiaren prezioa eta sarbide-bidesariaren prezioak merkeagoak izango dira asteburuetan eta jaiegunetan

Egoera hori arintzeko, gero eta konpainia gehiagok eskaintzen dute energia berriztagarria kontratatzeko aukera. Energia hori kontratatzean, konpainiak nahitaez eman behar du kontsumitzen den elektrizitatearen Jatorria Bermatzeko Ziurtagiria; modu horretan, erabiltzaileari ziurtatuko diote bere kontsumoa ahalik eta errespetuzkoena dela ingurumenarekin. Horrekin batera, aipatu beharra dago energia berriztagarria kontratatzeak ez duela kostu gehigarririk eragiten, ez baita instalazio berezirik behar horretarako.

Beste alde batetik, faktore internazionalak daude. Hain justu, gainerako herrialdeek eragina dute bertako energia elektrikoaren kostuan. Adibidez, Frantzia, biztanle kopurua aintzat hartuta, energia nuklearraren ekoizpenaren munduko lehen postuan dago. Gainera, gaur egun, Frantziak hainbat zentral nuklear geldiarazi ditu, eta horiek elektrizitatearen %80 inguru sortzen dute. Horren ondorioz, Frantziak Espainiako argia inportatu du. Eta, beraz, eskaria haunditzearen ondorioz, prezioek gorantz egiten dute haundizkako merkatuan.

Azkenik, elektrizitatearen es­karia gero eta haundiagoa da he­rritarren kontsumoagatik, eta, gainera, neguko hilabeteetan gora egiten du. Hilabete batzuetan argia gehiagotan piztu behar da etxebizitzetan, eta, horrez gain, hotz-boladengatik, hiri eta herri askotan ezinbestekoa da berogailuak piztea. Kontsumo elektrikoaren eskaera horri aurre egiteko, argi-konpainiek energia gehiago ekoitzi behar dute, bitarteko garestiagoak erabilita. Hortaz, zenbat eta hotz haundiagoa egin, orduan eta elektrizitate megawatt gehiago ekoitziko da. Horrenbestez, kostua haundiagoa izango da, eta, beraz, argiaren prezioa igo egingo da.

Kontsumo eta gastu baxuagoak izateko gakoak

Aurreko guztia kontuan hartuta, ezeri ekin aurretik, komeni da kontsumitzailearen benetako kontsumoari egokitzen zaion argiaren tarifa egokia aukeratzea. Horretarako, etxebizitzako elektrizitate-kontsumoa kalkulatzeko, hainbat aplikazio erabili daitezke.

Horrekin batera, merkatuan dauden eskaintzak ezagutu behar dira. «Badago non begiratu, salerosleen ezaugarriak emango dizkigute», aipatu zuten Energia Argitu-ko saioetako batean. Comision Nacional de los Mercados y la Competencia webgunean ikusgai dago horren gaineko informazioa. Web orrian, xehetasunak ematerakoan, zerbitzu gehigarrien koadrotxoan ezezkoa ematea gomendatu dute Energia Argitukoek, «bestela, betiko seguruak, deskontuak eta abar aplikatuko dira, eta adierazitakoa ez da erreala izango».

Horrez gain, etxebizitzetako potentzia egokitzea ere gakoa da fakturako gastua baxuagoa izateko. Energia Argituko hizlarien esanetan, kontratatutako kW bakoitzak 50 euroko kostua du urtero; eta, adibidez, potentzia jaisteko eskatu daiteke 4,5etik 3,5era, edo norberak duen parametrotik, baxuago batera. Modu horretan, eskaera jasangarriagoa izango da eta fakturako gastua ere, baxuagoa.

Gainera, badira hain ezagunak ez diren bonu-sozialen tarifak. Horiekin, deskontu haundiak eskuratzeko aukera dute gizarteko zenbait kolektibok; besteak beste, pentsiodunek, desgaitasuna dutenek, indarkeriaren biktimek, edota familia ugariek. Horregatik, horien berri izatea ere komenigarria da. Zehatzak izateko, Gobernuak eskaintzen duen deskontu bat da, familiei eta aipatutako kolektiboei argi-fakturak ordaintzen laguntzeko. Horiek eskuratzeko, hainbat baldintza bete behar dira. Hala nola: bonua eskatzen duenak argi-kontratuaren titularra izan behar du; kontratatua izan behar du Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa (gaztelaniaz, PVPC) tarifa izenekoa; eta kontratatutako potentzia elektrikoa 10 kW edo gutxiagokoa izan behar du.

Ekainaren 1etik aurrera, argi-tarifa berria

Aipatutakoez gain, joan den asteartean, abian jarri ziren energia prezioen tarifa berriak: tarifa 2.0 TD. Argi-tarifa berria 15 kW-rainoko potentzia kontratatua duten behe-tentsioko hornidura-puntu guztiei aplikatu zaie (nahiz eta konpainia batzuek jakinarazi dieten beraien bezeroei, ez dietela aldaketarik egingo). Eta hementxe dator aldaketa nagusia: kontratu hori duten herritarrek ordutegi diskriminatuko tarifa izango dute, 3 periodotan banatuta, nahitaez. Alegia, prezio egonkorreko tarifak desagertu egiten dira.

Horrek esan nahi du egun bakoitza hiru ordutegitan banatuko dela: punta, laua eta oso laua. Azken horretan, kontsumitutako energiaren prezioa eta sarbide-bidesariaren prezioak merkeagoak izango dira. Gainera, ordutegi hori ezberdina izango da astelehenetik ostiralera bitartean eta larunbatetan, igandetan edo jaiegunetan; izan ere, azken egun horietan, tarifa merkeagoa izango da.

Esanak esan, informatuta egonez gero eta kontsumo arduratsua izanez gero, hilabeteroko gastuak baxuagoak izango dira eta, gainera, emaitzak onuragarriak izango dira ingurumenarentzat. Horiek horrela, gakoa da arduraz jokatzea,  aholkuak jarraitzea eta azken berriekin adi egotea. Aurrerapauso horiek emanez gero, gaiarekin lotutako egungo erronkak beteko dira: eraginkortasun energetikoa are­agotuko da eta zaurgarritasun zein pobrezia energetikoaren prebentzioa eta murrizketa lortuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!