Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren bereizgarri berria da, eta xede du Euskadin ekoitzitako elikagai ekologikoak bereiztea. Jatorriaz gain, elikagai horiek betetzen dituzte elikagai ekologikoen etiketen EBko araudian ezarritako baldintzak. Bereizgarri horrek nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu ugari biltzen ditu, freskoak edo eraldatuak. Baina, zer dira elikagai ekologikoak?
Bada, elikagai mota horiek dira nekazal ekoizpena modu ekologikoan egiten den lursailetan ekoiztutakoak. Elikagai freskoak zein transformatuak izan daitezke, landare zein animali jatorrikoak. Horiek ez ezik, mintegiko landareek eta haziek ere kategoria hori izan dezakete.
Ekologikoaren aldeko apustua
Kontseiluko lantaldeak argi du bere jomuga, elikagai ekologikoen alde egitea, hain justu. Horren aldeko apustua egiten dute, ekologiko, biologiko edo organiko aipamenekin, edota eko/bio aurrizkiekin, merkaturatzeko baimen ofiziala lortu duten elikagaiak direlako.
Elikadura arloan, gainera, aipamen horiek babestuta daude. Izan ere, ekoizteko, transformatzeko edota merkaturatzeko prozesuan baldintza tekniko zehatz batzuk bete dituzten elikagaietan baino ezin dira erabili. Baldintza horiek Europar Batasun osorako ezarrita dagoen araubidean eta kontrol sistema ofizialean daude, eta funtsezkoa da horiek betetzea.
Elikagai ekologikoak bereizteko hainbat baliabide daude: batetik, ekoizpen ekologikoko elikagaiak Europar Batasunaren zigiluaren bidez bereizten dira; bestetik, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluak kontrolatzen dituen elikagaiak ES-ECO-026-VAS kodearekin bereizten dira; eta, azkenik, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua arduratzen da Euskadin ekoiztutako elikagai ekologikoak bereizteaz.
Nekazal ekoizpen eta eredu ekologikoa, hizpide
Ekologikoa da eko-logikoa den nekazaritza. Munduan nekazari gehien batzen duen nekazaritza eredua da, eta azken urteetan gizartean onespen handiena lortzen ari dena, gainera.
Ekoizpen eredu ekologikoak azken mendean garatutako nekazaritza eredu industrialari irtenbide bat eskaintzen dio. Input edo insumo artifizialetan oinarritutako eredua alde batera utzi eta bestelako printzipioak kontuan hartzen ditu: osasuna, ekologia, arreta eta berdintasuna. Helburuak ere bestelakoak ditu, besteak beste: kalitate handiko elikagai osasuntsuak ekoiztea, lurra emankor mantentzea, ingurumena zaintzea eta animalien ongizatea eta duintasuna bermatzea.
