Goizueta eta Arano 'Organi-Kopa' gai organikoa bildu eta konpostatzeko olinpiadan murgilduta daude

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 2a, 00:00

Ahalik eta hondakin organiko gehien konpostatzeko lehiatzen dira eta irabazleek dirua jasoko dute hiri altzariak eta itxiturak erosteko.

Nafarroako Mendialdean Organi-Kopa izeneko lehiaketan murgilduta daude maiatzaren hasieraz geroztik eta bertan Arano eta Goizuetako herriak ere parte hartzen dute. Organi-Kopa Nafarroako gai organikoa biltzeko eta konpostatzeko Olinpiada da eta Mendialdeko mankomunitatearen kasuan, udal eta kontzeju guztiak (Larraun-Lekunberri, Leitza, Goizueta, Arano eta Areso) ari dira parte hartzen beraien lehiaketa propioan.


Olinpiada honetan, ahalik eta hondakin organiko gehien konpostatzeko lehiatzen dira herriak eta hobekien egiten duten herriek hiri-altzariak, itxiturak eta abar erosteko diru-sariak jasoko dituzte.


Mendialdeko herri bakoitzean nola egiten den konprobatzeko, hiri hondakinen errefuxa aztertuko dute eta bertan gai organiko gutxien duen herriak lehiaketa irabaziko du. 


Astero-astero karakterizazioen emaitzak eta sailkapena eguneratua publikatuko dira herri bakoitza nola doan ikusi ahal izateko.
https://activapyme.com/mendialdea/ estekan ikus daiteke zenbat materia organiko dagoen errefuxan (zenbat eta materia gutxiago errefuxan, orduan eta gehiago konpostatzen den seinale). 


Lehiaketak uztailaren 3ra arte iraungo du eta 5.000 euroko diru sariak modu honetara banatuko dira: 1.500 euro irabazleak, 1.200 bigarrenak, 1.000 euro hirugarren sailkatuak, 800 euro laugarrenak eta 500 euro bosgarrenak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!