Goizuetako V. Umore Ona Pilota Txapelketa bihar, ostegunean, hasiko da Goizuetako frontoian neska nagusien partidu batekin. Umore Ona taldeko Zabaleta eta Zelarain, Aurrerako Zabaleta eta Alvarezen aurka ariko dira 19:30etatik aurrera. Hori bai, etzitik aurrera, ostiraletik, txapelketak abiadura hartuko du eta igandera arte beste 21 norgehiagoka jokatuko dira Goizuetan etzi eta larunbatean eta Aranoko frontoian igandean.
Umore Ona Txapelketaren barruan, aste honetan, igandera arte, herri eta talde askotako pelotariek hartuko dute parte zazpi maila desberdinetan: sein, kimu mutilak, kimu neskak, haur, kadete, nagusi mutilak eta nagusi nesketan.
Biharko nesken partidua eta gero, ostiralean Goizuetako frontoian jaialdia etzi 17:00etan hasiko da. Bertan bost partidu jokatuko dira guztira, kadete, neska nagusi eta mutil nagusietan. Manterola-Alegria hernaniar kadeteek elkarrekin jokatuko dute, Mundarroko Xuban Goñi kadeteak Oiarpeko Aranbururekin osatuko du bikotea, mutil nagusietan Apezetxeak debuta egingo du eta Salaberria-Lizeaga hernaniarrek ere Larraungo Galarzatarren aurka neurtuko dira.
Larunbatean 10:00etan hasiko da jaialdia Goizuetan eta lau partiduk osatuko dute jardunaldia. Egun honetan Legarreta-Elizegi bikote kadete goizuetarrak egingo du debuta.
Igandean Aranon, goiz eta arratsaldez, hamabi partidu jokatuko dira guztira
Goizuetari Aranoko frontoiak hartuko dio erreleboa igandean eta Umore Ona txapelketaren hamabi partidu jokatuko dira guztira.
Horietatik sei partidu, goizeko 10:00etan hasiko den jaialdian eta beste sei, arratsaldeko 16:00etan hasiko den jaialdian.
Egun honetan gaztetxoenen txanda izanen da. Sein, kimu eta haur mailako partiduak jokatuko dira. Umore Ona eta Hernani taldeko bikoteak daude iragarrita. Goizean Umore Onako lau bikotek (Seges-Menta, Zurutuza-Zabala, Sagardui-Garmendia eta Salaberria-Alsua) jokatuko dute eta Alberdi-Paskual bikote hernaniarrak ere bai.
Arratsaldean ere, Umore Ona eta Hernaniko sei bikotek hartuko dute parte. Hernanitik Barriola-Labaka eta Gaskon-Oses bikoteak ariko dira. Umore Ona ordezkatuko dute Narbarte-Elizegi, Larin-Aranberri, Aranberri-Ugartemendia eta Sagardui-Legarretak.
Gaur, Umore Ona Pala txapelketaren hiru partidu eta horietatik bi finalerdiak dira
Esku pelotaren txapelketak bost edizio beteko ditu aurten eta aurreneko aldiz antolatu da pala txapelketa. Gaur hiru partidu jokatuko dira eta horietatik bi finalerdiak dira.
Bi finalerdiak nesken txapelketari dagozkionak dira eta lehenengoan Zugarramurdi eta Etxegia, Zabala eta Bakeroren kontra ariko dira, 18:45etatik aurrera. Ondoren, bigarren finalerdia jokatuko da: Sarobe-Perurena, Etxeberria-Apezetxearen aurka. Jaialdia Legarreta-Larralde, Apezetxea-Miranda partiduak itxiko du 20:00etan hasita.