Taberna eta jatetxeen ordutegia gauerdira arte luzatuko da bihartik

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 1a, 00:00

LABIk hartu du erabakia eta EAEko Urkullu lehendakariak eman zuen aditzera. Hemendik hiru astetara bilduko dira neurria errebisatzeko.

LABIko Aholku Batzordeak atzo erabaki zuen, taberna eta jatetxeen ordutegia gaueko 12:00ak arte luzatzea. Horrela, ostalaritzako murrizketak malgutu egin dira, eta gaur arte egongo dena baino bi ordu gehiago eta alarma-egoera amaitu arte baino lau ordu gehiago irekitzeko baimena eman da. Neurria bihartik aurrera sartuko da indarrean.


Iñigo Urkullu lehendakariak atzo arratsaldean egin zuen agerraldian eman zuen erabakiaren berri. Urkulluk adierazi zuen, COVID-19ari aurre egiteko, erakundeek «oreka» bilatu behar dutela osasuna babestearen eta «osasun sozial, ekonomiko eta emozionalean ahalik eta eraginik txikiena» izatearen artean. Hori dela eta, neurri murriztaileak «modulatzeko» prozesuan «zuhurtziaz aurrera egitea» eskatu zuen.

Aire librean dauden pertsona kopuruaren muga bertan behera utzi da
Dekretuan jasotako aldaketak bost dira: praktikan aire librean dauden pertsona kopuruaren muga bertan behera utzi da, ostalaritzaren irekiera 24 ordura arte luzatu da, garraio publikoaren ordutegia ere gauerdira arte luzatu da, aisialdiko taldeak hamar pertsonakoak izan daitezke eta bisita turistikoak hamar pertsonakoak izan daitezke.


Beste bederatzi murrizketa mantendu egiten dira 
Bestetik beste neurri batzuk mantendu egiten dira eta pandemiaren bilakaeraren baldintzapean geratzen dira. Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura ekitaldietan eta kultura aretoetan edukiera ez da haundituko. Gehieneko edukiera 600ekoa da barnealdean eta 800 kanpoan. 


Ostalaritzan mahai bakoitzeko gehienez sei pertsona egon daitezke. Elkarte gastronomikoak itxita jarraitu beharko dute, kirol ekitaldietan ez da publikorik baimentzen. Bisita gidatuen, natura-turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak haunditzeko aukera ez da ematen. Igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldeko edukiera berdin mantentzen da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!