Enekoitz Azparrenek garaipena, Agoncillon

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 1a, 00:00

Enekoitz Azparren, aurreko lasterketa batean.

Astigartarrak sprintean menderatu zuen Francisco Javier Agea kantabriarra, afizionatu mailan bere aurreneko garaipena lortzeko.

Errioxan estreinatu du bere palmaresa Enekoitz Azparren astigartarrak, afizionatu mailan: Agoncilloko Klasika irabazi zuen igandean. Francisco Javier Agea kantabriarrarekin egin zuen ihes Azparrenek, eta bukaerako sprintean menderatu zuen, bere aurreneko garaipena lortzeko, 142 kilometroko proban. Bertan izan zen Telmo Semperena astigartarra ere: 47garren izan zen.

Jubenil eta kadeteek, berriz, Gipuzkoako Taldekako Erlojupeko Txapelketarekin zeukaten hitzordu nagusia. Mutil jubeniletan, 34,6 kilometroko ibilbidean, laugarren izan zen Unax Urretabizkaia eta Aner Zilbeti hernaniarren Donosti Berri taldea (44:01); eta zazpigarren sailkatu zen Xabat Alonso, Mikel Goikoetxea eta Ekain Mitxelena hernaniarren Andoaingo taldea (44:51). Neska jubeniletan, Naya Mangasen Limousin taldeak bakarrik hartu zuen parte (41:09), 25 kilometroko ibilbidean.

Donosti Berriko txirrindulariak, Gipuzkoako Taldekako Erlojupeko Txapelketan.


Eta mutil kadeteetan ere, laugarren izan zen Tasio Semperena astigartarraren Donosti Berri. Denbora onenarekin zijoazela, Semperenaren lau taldekideak erori ziren, eta haietako bik bakarrik jarraitu ahal izan zuten. Denbora asko galduta, proba osatzea lortu zuten, baina podiumerako aukerarik gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!