Sasoi ederrean hasi du mendi lasterketen denboraldia, Hodei Lujanbio goizuetarrak; eta igandean erakutsi zuen, beste behin: garaipena lortu zuen Peña de Andosilla lasterketan. 18 kilometroko proba azkarra izan zen, desnibel gutxikoa baina oso gorabeheratsua, eta ziztu-bizian osatu zuen goizuetarrak, 1:20:06 denboran; bigarren sailkatuak baino ia hiru minutu azkarrago.
Gainera, Navartrail kopako hirugarren proba zen Andosillakoa, eta garaipenarekin, lider jarri da Lujanbio. Antzinen laugarren eta Lerinen bigarren sailkatu ondoren, 265 punturekin dago, eta 225 dauzka Sergio Fernandez bigarrenak, Andosillan ere bigarren izan zenak. Bi proba falta dira jokatzeko: Larrate Trail uztailaren 4an, eta Pilon Trail abuztuaren 1ean.
Baztanen ere izan da mendi lasterketarik, asteburu honetan. Berroetako mendi maratoi erdia proba jokatu zen igandean, eta bertan izan zen bailarako ordezkari bat: Mikel Goenaga astigartarrak hartu zuen parte, eta 2:45:55 denboran osatu zuen 21 kilometro pasatxoko proba gogorra. 225garren bukatu zuen Goenagak, helmugara iritsi ziren 337 partehartzaileen artean.