Bete-betea izan dute asteburua palistek, partidu garrantzitsuekin. Eta emaitza pozgarriena, Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarrek lortu dute, Espainiako Txapelketaren finalera sailkatuta, trinketean. 15-3 eta 15-5 irabazi zioten semifinala Oberenari, eta Errekaleor taldeko Nagore Martin eta Ane Ibañez izango dituzte kontrario finalean, asteburu honetan.
Larunbatean izan zen semifinala, eta igandean, Gipuzkoako finala zeukaten Irazustabarrenak eta Arrietak. Baina ezin izan zuten txapela jantzi: 20-30 galdu zuten, Su Berriren kontra.
Astigarragak joanekoa 2-1 galdu, Herriartekoan
Astigarragak ere ezin izan zuen emaitza ona lortu Herriarteko Txapelketan, final laurdenetako joanekoan: 2-1 galdu zuen Tolosaren kontra, eta asko zaildu zaio pasea. Asier Salaberriak 22-9 galdu zuen banaka; Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain 15-22 nagusitu ziren binaka; eta 20-19 galdu zuen Jon Gelbentzuk, banaka zazpi barruan.