Finalaren atarian geratu da Iker Salaberria, Buruz Burukoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 1a, 00:00

Herriartekoan, joanekoa 3-0 irabazi dio Astigarragak Tolosari, eta Hernanik 1-2 galdu du Azpeitiaren kontra.

Emaitza gozoak bezala, kolpe go­gorrak ere jaso dituzte bailara­ko esku pelotariek, asteburuko partidu garrantzitsuetan. Ostiralean, semifinala galdu zuen Iker Salaberria goizuetarrak, Pello Etxeberriaren kontra, promozioko Buruz Burukoan. Lan haundia eman zion Salaberriak, txapelketako faborito nagusiari, eta partidu gogorra jokatu zuten; baina 13-22 galdu zuen azkenean, eta finalaren atarian geratu da.

Herriarteko Txapelketan, berriz, 1-2 galdu zuen Hernanik, final laurdenetako joanekoa, Az­peitiaren kontra. Kadeteetan 7-22 galdu zuten Unax Manterolak eta Oier Alegriak; jubeniletan ere ez zuten aukerarik izan Xabier Apaolazak eta Unai Etxarrik (10-22); eta nagusietan irabazi zuten Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak, kanporaketan bizirik jarraitzeko (22-16).


Markel Lizeaga, errebotetik pelota bat jasotzen, Azpeitiaren kontra.

Emaitza gozoa Astigarragak izan zuen: 3-0 nagusitu zitzaion Tolosari, eta ia erabakita utzi du kanporaketa. Aimar Zabalak eta Xuban Goñik erraz irabazi zuten kadeteetan (22-2); Eñaut eta Ekain Lizeaga 22-11 nagusitu ziren jubeniletan; eta 22-21 irabazi zuten nagusien mailakoa Harri Loidik eta Jokin Santxezek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!