Aukera zabala, aurtengo udaran arduraz gozatzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 29a, 00:00

Goizuetako Zubimuxu aterpetxean oporretan gozatzeko aukera paregabea eskaini dute.

Oporrak ate joka ditugu dagoeneko, eta bailarako zein inguruko bidaia agentziek eta aterpetxeek, aurkeztu dituzte aurtengo eskaintzak, datozen hilabeteetarako. 

Garai zailak bizi dituzte gizarteko hainbat sektorek azken urtean. Osasun egoerak bete-betean gelditu zuen laneko erritmoa eta hilabete ilunak izan dira bidaia agentzientzat eta aterpetxeentzat, besteak beste. Dena den eta pixkanaka bada ere, egoera hobetu egin da eta, horrekin, segurtasun neurriak ere malgutu egin dira. Azken aldaketetako bat itxiera perimetrala kentzea izan da, eta, orain, posible da Euskal Herritik mugitzea, eta baita atzerrira bidaiatzea ere. Izan ere, alarma egoera amaitzearekin batera, betiere arduraz jokatuta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak mugikortasuna baimendu dute.

Horrela, bada, zenbait herritarrek dagoeneko hasi dute udarako oporretako plangintza. Are gehiago, azken hilabete honetan, udarako erreserben gorakada izan dela adierazi dute bidaia-agentziek. Hain justu, jada heldu gara maiatza bukaerara, eta laster izango ditugu  ondo pasatzeko eta egunerokotasunaz deskonektatzeko oporrak. Batzuk Espainiako zonaldeak edo atzerriko herrialdeak aukeratu dituzte; eta beste batzuk, berriz, Euskal Herrian geratzea erabaki dute. Hala ere, bada oraindik planik egin ez duenik. Bada, zalantzan dauden horientzat, bidaia agentziek, aterpetxeek eta hotelek aukera zabala eskaini dute aurtengoan.

Erabakitzen dena erabakitzen dela, zentzu jokatzeko eskatu dute agintariek, eta baita bidaia agentzietako langileek ere. «Arduraz jokatzea da garrantzitsuena, eta oporretara joateko aukera badugu ere, erkidego eta herrialde bakoitzeko neurriak eta osasun egoera ondo aztertu behar dira», azaldu dute Hernani Bidaiakeko kideek.


Kontuan hartzeko arauak

Bidaia antolatzerakoan, kontuan izan behar dira zenbait arau. Laster indarrean sartuko da EB Covid Ziurtagiri Digitala (osasun pasaportea). Horren bidez, Europar Batasunaren barruan bidaiatu ahal izango da, ziurtagiriak hauxe baieztatuko duelako: bidaiatu nahi duen pertsonak Covid-19aren aurkako txertoaren bi dosiak edo bakarra jaso duen ala ez, eta iraganean kutsatu delako immunizaturik dagoen ala PCR edo antigeno proba egin berri dioten. Uztailaren 1etik aurrera hasiko dira aplikatzen lurralde komunitario osoan, eta beste herrialde batzuetara zabaltzeko lanean ari dira.

Modu horretan, aukera zabalagoa izango da udara honetarako. Hernani Bidaiak agentziak, esaterako, hainbat bidaia gomendatu ditu: Andorrara, Lanzarotera, Tenerifera, Ribera del Duerora, Gran Canariara, edota Fuerteventurara, kasu.

Horrez gain, oraingoz, kasuen intzidentzia dela eta, mugak itxita dituzte Kanadak, Txinak, Errusiak, Japoniak, Argentinak, Indiak, Australiak, Zeelanda Berriak eta Indonesiak. Bere aldetik, Marokok ere bertan behera utzi ditu aireko konexioak Espainiarekin, gutxienez, ekainaren 10era arte.
Bestalde, atzerrira bidaiatzea pentsatu dutenek, aintzat hartu beharko dituzte beste hainbat kontu ere. Hain zuzen, sarrera baimentzen duten baina isolamendua eskatzen duten herrialdeen taldean hauexek daude, besteak beste: Kuba, Tunisia, Thailandia, Jamaika, Islandia, edota Norvegia.

Bestelakoan, atzerriko beste zenbait lurraldetara bidaiatzeko, ez da beharrezkoa berrogeialdia egitea. Mexikon, Dominikar Errepublikan, Egipton edo Costa Rican, adibidez, neurriak malguagoak dira; eta, beraz, bertara bidaiatzea errazagoa izango da.

Edonola ere, egunetik egunera datuak aldatu egiten dira herrialde bakoitzean. Hortaz, gomendagarria da bidaia-agentzietara jotzea edota ondo informatuta egotea, bidaiatzerakoan, inolako arazorik ez izateko. Horrekin batera, lehenesten da erreserba guztiak aseguruarekin egitea; ezustekoren bat izanez gero, ordaindutakoa bueltan jasotzeko aukera izango delako. 

Oporrak, Urumea bailaran
Urrutira joan gabe, inguruan ere badira makina bat aukera oporretarako. Urumea bailarako parajeek eskaintza paregabea dute, eta Goizuetan, esaterako, Zubimuxu aterpetxeak harrera goxoa egiten die bertaratzen diren bidaiari guztiei. 5 logela ditu XVIgarren mendeko eraikinak:  10 plazako bi logela, 6 plazako logela bat eta 2 oheko bi logela.

Gainera, esperientzia bakarra izateko helburuz, lotarako lekua ez ezik, aisialdirako plangintza ere eskaintzen du Zubimuxuk: mendi irteerak eta BTT, artisautza tailerrak eta yoga, beste askoren artean.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!