Immigrazioaren gaia puri-purian dago azken urteotan. Hamaika arrazoi direla medio, milioika herritarrek beren sorterria utzi behar izaten dute bizitza hutsetik hasteko beste herrialde batean. Hori horrela, txoko askotako pertsonek egiten dute topo herri eta inguru berean, kultura, hizkuntza, bizimolde desberdinak dituztenak, aniztasun handia eraginez.
Ikuspegik (Immigrazioaren Euskal Behatokiak) 2021ean landu duen txostenari erreparatuta, EAEko 2.212.561 biztanleetatik 246.501 atzerritarra da jatorriz (%11,1). Gipuzkoan ere oso antzekoak dira proportzioak (%11,2), 81.354 pertsona jatorri atzerritarrekoak.
Buruntzaldera etorrita, jatorri atzerritarra duten biztanleen proportzioa baxuagoa da. 75.000 eskas biztanle dituen eskualde honek %7 inguruko atzerritar tasa du. Proportzioak dezente aldatzen dira herri batetik bestera. Badira %5 inguruko portzentajea dutenak (Lasarte do Astigarraga kasu) eta badira %10eko portzentajea dutenak, Hernani kasu. Argitu behar da, datu hauen arabera, atzerritartzat, Espainiako Estatutik kanpo jaiotakoa hartzen dela.
Buruntzaldean dauden atzerritarren jatorriari dagokionez, EAEkoen eta Gipuzkoakoen antzera, latinoamerikarrak dira gehienak; magrebiarrak ere ugari dira eta errumaniarrek ere badute presentzia esanguratsua, portugaldarrekin batera.
Hizkuntza ezagutzari dagokionean, nahiz eta datu zehatz eta fidagarririk ez dugun, esan daiteke gehiengo handi batek gaztelaniaren ezagutza baduela, askok hizkuntza bakar gisa dakarte, eta beste batzuek beste hizkuntza batzuekin batera. Badira gaztelaniaren ezagutza batere gabe edo oso gutxirekin iristen direnak ere, jatorriaren arabera, eta badira, aurrez Euskal Herriko beste herriren batean egonak direlako edo, euskararen ezagutza maila txiki bat dakartenak, baina oso gutxi dira horiek.
Etorri berrien harrera
Mugimendua etengabea da. Asko dira urtean zehar etortzen diren atzerritarrak eta asko dira joan ere egiten direnak. Denak ez dira udaletako errolda bulegotik pasatzen, badirelako erroldatu gabeko biztanleak ere, baina handia da erroldan dauden alta eta baja mugimenduak.
Nolako harrera egiten diegu gure herrietara datozen biztanle berriei? Azken bolada honetan kezka iturri da gai hau Buruntzaldeko udaletan eta gero eta gehiago dira martxan jartzen ari diren protokolo eta ekimenak, harrera egokia egiteko, batetik, eta, behin herrian daudela, herriko bizimodu, kultura, hizkuntza eta herritarrekiko harremanak sustatzeko.
Bide horretan, batetik, harrera protokoloak sortu dituzte. Joan den otsailean aurkeztu zuen berea Hernaniko Udalak, eta dagoeneko zehaztu dituzte lan-ildoak. 2020ko urtarrilean abiatu zuen prozesua Udaleko Kulturartekotasun Sailak, eta hainbat herritarren eta eragileren kolaborazioarekin eta ekarpenekin osatu dute. Hernaniko Harrera Protokolo berriak lau oinarri ditu: pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzea; etorri berriek herrian bizitza aktiboa izatea eta inklusioa sustatzea; jatorri eta kultura-aniztasuna bultzatzea, elkar ezagutza bi norabideetan emanez; eta erroldatik harago esku hartzea.
'Ongi Etorri Eskolara' proiektuaren xedea da atzerritik etorritako familiei integrazioa bideratzea, euskal kulturara eta hizkuntzara hurbiltzearen bidez
Bestetik, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) ematen diete aurreneko informazioa etorri berriei. Horrez gain, errolda momenturako protokolo zehatza ezarri nahi dute, eta baita Baliabideen Gida bat eman, Harrera Bulegorako hitzordua eskaini eta Ongi Etorri saiorako gonbidapena luzatu ere. Era berean, Amher-SOS Arrazakeria Elkarteak eta Udalak osatutako talde eragileak Harrera Bulego Integrala sortzea du 2021eko erronketako bat. Bertan, ahalik eta modu pertsonalizatuenean eskainiko zaio arreta etorri berriari. Baina hori ez ezik, beste hainbat helburu ere zehaztu dituzte aurtengorako, besteak beste, adierazitako Baliabideen Gida eguneratzea, aholkularitza juridikoa eskaintzea, edota laster inauguratuko den Kulturarteko Plaza Feminista.
Andoainen ere martxan dute harrera plana. Udaleko lan-sail guztiak, Gizarte Zerbitzuen gidaritzapean, etorri berriei harrera egiteko protokoloa eta gida ari dira lantzen.
Hari horri tiraka, komeni da aipatzea Buruntzaldeko hainbat herritako ikastetxeetan azken urteetan sortu den desafio bat. Esaterako, Andoainera gerturatuta, Ondarreta «jatorri immigranteen ikastetxea» dela helarazi dute ikastetxeko zuzendaritzako taldeko kideek. Ikastetxeko langileen esanetan, «jatorriz, batez beste, %57 dira kanpoko herrialdeetakoak; zenbait gelatan, %80ra iristen da kopurua. Munduko 30 nazionalitate eta kultura desberdinetako ikasleak biltzen dira bertan». Horren ondorioz, diote, «ghetto txikiak» sortzen direla. Edonola ere, immigrazioaren fenomenoari tinko heldu diote herrian. Eta horretarako jarri dituzte martxan hainbat proiektu eta egitasmo, inklusioa sustatzeko eta Andoainen herritar guztien arteko elkarbizitza sanoa lortzeko.
Inklusiorako ekimenak
Horrez gain, Andoainen, Gizarte Zerbitzuek martxan dute 2014tik Ongi Etorri Eskolara proiektua. Gipuzkoako 16 ikastetxetan dago abian, lehen mailako irakaskuntzan. Helburua da eskola eta komunitate inklusiboari bidea egitea; eta, horretarako, kulturarteko eredu pedagogikoa abian jartzeko bidelagun lanetan aritzen da. Hitz gutxitan esateko, xedea da atzerritik etorritako familiak integraziora bideratzea, euskal kulturara eta hizkuntzara hurbiltzearen bidez. Halaber, dinamikaren funtsezko gakoa euskara da, izan ere, ikasleria osoaren aukera berdintasunerako erreminta nagusia bertako hizkuntza dela uste dute.
Horrekin batera, Ongi Etorri Eskolara dinamikaren baitan, Familia laguna izeneko ekimena garatu dute. Familia euskaldun bat eta atzerritik etorritako beste bat harremanetan jartzen dira, bi kulturen arteko elkar trukea egiteko eta konfiantzazko harremana sortzeko. Horixe bera da, hain zuzen, Andoaingo Udalaren nahia; eta, hori lortzeko, herrian bizi diren kultura guztien arteko elkar trukearen aldeko apustu sendoa egin du. Horrekin batera, une honetan, 20 bat familia ari dira programan parte hartzen. Modu horretan, akonpainamendu eta elkar ezagutzarako kulturarteko harremanak ari dira eraikitzen.
Aipatutakoaz gain, Usurbilgo Udalak hainbat urte daramatza herritarren jatorri aniztasunari hurbiletik jarraitzen. Haien jaiolekua kontuan hartuta ontzen ditu neurketak; Usurbilgo biztanleak non jaioak diren azaltzen du, bestelako zenbait aldagairekin batera. Nolanahi ere, azken urtean, jauzi kualitatiboa eman du. Usurbildar guztien arteko elkarbizitzarako gakoak bilatu eta bultzatu asmoz, udalerriak jasotako bi migrazio olatu nagusiak izan ditu hizpide. Alde batetik, 1960/70eko urteetan Espainiatik etorritakoa; eta, beste alde batetik, 2000. urteaz geroztik munduko hainbat txokotatik iritsitakoa. Horren ostean, migrazioaren gaineko esperientziak eta diskurtsoak jaso ditu bi euskarritan: Aztiker Ikerguneak Udalaren eskariz egindako Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza Usurbilen txostenean; eta, horren osagarri, Migrazioari maskarak erauzten ikus-entzunezkoan.
Hori gutxi balitz, jatorri aniztasunen festa antolatu ohi du Udalak, urtero, Mundualdia izenburupean. Joan den urtean, egungo osasun egoera dela eta, ezinezkoa izan zen ospakizuna egitea; baina, aurten, berriz ere heldu zioten ekimenari. Ezohiko formatuan izan zen, martxoaren 27an. Bertan aurkeztu zuten, hain justu ere, aldez aurretik zehaztutako dokumentala.
Esanak esan, Buruntzaldeko gizartearen errealitatea da kultura-aniztasuna, eta herri guztietako udalek, norbanakoek, taldeek eta baita eragileek ere, indartsu heldu diote erronkari. Izan ere, egungo altxorra dela sinesten dute; eta, herritarren arteko arrakala handitzetik urruti, kultura guztiak besarkatzeko eta elkarbizitza osasuntsua lortzeko unea dela uste dute. Oraina aldatuz gero, etorkizuna hobea eta itxaropentsuagoa izango baita.
«Ulertu behar dugu, kanpotik datorrena ez datorrela bertakoei kalte egitera»
Migrazioari buruzko esperientziak eta diskurtsoak jasota, 'Migrazioari maskarak erauzten' dokumentala osatu du Usurbilgo Udalak, eta ikusgai dago sarean. Esperientzia horietako bat da Lizzy Mejía Funezena. Duela zazpi urte etorri zen Hondurasetik, 14 urterekin.
Duela zazpi urte etorri zen Lizzy Mejía Funez Hondurasetik Usurbilera, 14 urterekin.
Urteak dira jatorri aniztasunaren azterketa egiten duela Usurbilgo Udalak, baina pauso bat gehiago eman nahi izan du aurten: migrazioaren gaineko esperientziak eta diskurtsoak jaso ditu, eta Migrazioari maskarak erauzten dokumentala osatu du. Martxoaren 27an estreinatu zuen Mundualdian, jatorri aniztasunaren jaialdian; eta orain, ikusgai dago sarean: usurbil.eus web orrian, eta Udalak YouTuben daukan kanalean.
Bi migrazio prozesuri erreparatu diete bertan: 1960-1970 artean Espainiatik etorritakoari, eta 2000 urteaz geroztik munduko hainbat txokotatik etorri direnenari. Bigarren horretakoa da Lizzy Mejía Funezen esperientzia: Hondurasetik etorri zen Usurbilera, familiarekin, bizitza proiektu hobe baten bila.
Badira urte batzuk Hondurasetik etorri zinela, ezta?
2014an etorri nintzen Usurbilera, 14 urte nituela. Ama hemen zegoen 3-4 urte lehenagotik, eta bi anaiekin etorri nintzen ni.
Atzerritar asko zineten herrian, orduan?
Ez, duela zazpi urte gutxi ginen kanpotik etorritakoak. Baina ordutik asko hazi da immigrazioa.
Zaila izan zen hasiera?
Bai eta ez. Lasarte-Orian ikasi behar izan nuen, ikasle etorri berriarentzako harrera programaren barruan. Nik nahiago nuen Usurbilen ikasi, jendea ezagutzeko. Baina gustura aritu nintzen, bazelako irakasle bat oso saiatua. Euskara ikasi genezan nahi zuen, baina era berean, kezkatzen zen guregatik: eskolan ondo ari ote ginen, integrazioa ondo ote zijoan...
Lagun bat egin nuen Lasarte-Orian, baina garai hartan, Usurbilen ez nuen inor ezagutzen, eta antolatzen ziren ekintzetan ere ez nuen parte hartzen, harremanik ez izateagatik. Eskolaz kanpoko jarduerek asko laguntzen dute, haur baten integrazioan.
Eta noiz hasi zinen, Usurbilgo jendea ezagutzen?
Lasarte-Orian ikasketak bukatuta, Donostiara joan nintzen batxilergoa ikastera, gaztelaniaz. Euskaraz egitea gustatuko zitzaidakeen, baina oraindik ez nengoen prest horretarako. Eta Donostian egin nuen topo Usurbilgo neska batekin. Zunba ikastarotik ezagutzen genuen elkar, baina ez genuen harremanik izan; eta Donostian lagun egin ginen. Eta bere bitartez, hasi nintzen Usurbilgo jende gehiago ezagutzen, herrian gehiago ateratzen, afaltzeko elkartzen... Hori baino lehen, familiarekin egiten nuen bizitza, paseatu, mendira joan... Baina ez nintzen Artzabalen esertzen trago bat hartzera. Ez nintzen gai sentitzen horretarako.
«Herrian lagun bat egin nuenean, sentitu nintzen indartsuago eta seguruago, toki ezberdinetara joateko. Ahaldundu egin ninduen horrek»
Zertan lagundu zizun horrek?
Jende asko ezagutzen, eta jardueretan parte hartzen. Hortik aurrera, indartsuago eta seguruago sentitu nintzen, toki ezberdinetara joateko. Ahaldundu egin ninduen, herrian pertsona bat izateak jendeari esango ziona: begira, hau Lizzy da, nire laguna. Horrek erraztu egin zidan bidea. Eta adinak ere bai. Orain 21 urte dauzkat, eta ez daukat lotsarik jendearengana joan eta nire burua aurkezteko. Beste lagun bat ere badaukat, Hodei; eta ezagutu nuen niregana gerturatu zelako Mundualdian, Usurbilgo kultura aniztasunaren egunean. Eta beraren bitartez ezagutu ditut beste hainbat.
Aurrerapausoak eman dira azkeneko urteotan, integrazioaren bidean?
2014tik hona bai, aurrerapauso dexente. Eta ez bakarrik Europatik kanpo gatozen herritarrekiko; baita Estatu osotik etorri izan direnekiko ere. 'Migrazioari maskarak erauzten' dokumentalarekin garbi ikusi da hori. Asmoa izan da ezagutaraztea zein garen pertsona horiek, Usurbilen bizi garenak baina ikusgarritasun handirik ez daukagunak; eta horrekin batera, estigmak hautsi eta kultura-aniztasuneko elkarbizitza sustatzea herrian.
Eta lagundu du horretan?
Oraindik goiz da esateko, baina baietz uste dut. Ez da gauza bera norbait zuregana gerturatu eta bere istorioa kontatzea, edo dokumental baten bitartez jende askorengana iristea hori. Horren bitartez iritsi gara ezagutzera, adibidez, nor den ondoko bizilaguna, inoiz hitz egitera gelditu ez garena.
Herri txikietan errazagoa izan daiteke integrazioa?
Herria nolakoa den arabera, errazagoa izan daiteke integrazioa, bai. Herri txikietan, errazago ezagutu dezakezu jendea, talde txikiak izaten direlako. Hirietan, anonimoagoa da pertsona bakoitza, eta etxebizitza bateko bizilagunek ere ez dute elkar ezagutzen.
Dokumentalean aipatu duzu, integraziorako tresna egokia izan daitekeela euskara.
Hala iruditzen zait. Euskara ez da gauza bat, euskaldunon historiaren parte baizik. Nabaritu egiten dut, 'hola, buenos días' beharrean 'iepa, kaixo' esanez agurtzen baduzu norbait, alaitasunez hartzen zaituela. Errekonozimendu moduko bat da. Nik euskaraz oinarrizkoa besterik ez dakit, baina maitasun handia diot, daukan alde emozional hori transmititu didatelako. Eta baita zure hizkuntzan ezin hitz egitearen mina ere. Oso gogorra izan behar da, zarena izaten debekatzea; azken finean, euskaldunon izaeraren parte delako euskara. Jendea batzen du euskarak, eta euskaraz jakiteak horren parte egiten zaitu.
Orain gehiago hartzen duzu parte jardueretan?
Parte hartzen dut, eta bilatu egiten ditut, gainera. Interesatzen zait jakitea zer dagoen eta zer gertatzen den herrian. Noaua! aldizkaria, lehen, gainetik begiratzen nuen, ez nuelako ulertzen. Baina orain lasai irakurtzen dut, herriaren berri izateko.
«Etorri berriarekiko aurreiritziak baldin badauzkagu, horrek zaildu egiten du integrazioa. Denak gara pertsonak»
Etorri berriei harrera egokia izateko, zer da ezinbestekoa?
Ulertzea kanpotik datorrena, ez datorrela bertakoei kalte egitera. Hona dator pertsona delako, bere eskubideak dauzkalako, eta bere bizi-kalitatea hobetu nahi duelako. Beharrak dauzkaten pertsonak dira kanpotik etortzen direnak. Sistemak berak eta instituzioek, hainbat zailtasun ezartzen dizkigute: Atzerritartasun Legea, errolda, lan kontratu baten beharra legezkoa izateko eta osasungintzara eta hezkuntzara sarbidea izateko... Eta etorri berriarekiko aurreiritziak baldin badauzkagu, eta pentsatzen badugu lanpostua kenduko digula, lapurreta egin, herria kutsatu... Horrek guztiak zaildu egiten du integrazioa. Denak gara pertsonak, eta immigrazioa gizartean txertatuta dago, bere ezaugarrietako bat da. Enpatia behar dugu, eta interesa izan jendea ezagutzeko, eta baita besteek gu ezagutzeko ere. Hori funtsezkoa da, herri inklusiboa izateko