Joanekoan lortutako emaitza onak borobildu, eta final laurdenetera sailkatu dira Astigarraga eta Hernani, Herriarteko Txapelketan. Aretxabaletan bezala, hiru partiduak irabazi zituen Hernanik, etxean ere, eta 6-0 bukatu du kanporaketa. Igandean, Unax Manterolak eta Oier Alegriak 22-11 irabazi zuten kadeteetan; Xabier Apaolaza eta Unai Etxarri erraz nagusitu ziren jubeniletan (22-4); eta Xabier Salaberriak eta Mikel Lasak, oraindik oso gazteak izan arren, 22-8 irabazi zuten nagusietan.
Herriartekoan debuta zuen Xabier Apaolaza hernaniarrak, eta primeran aritu zen.
Astigarragak ere, hiru partiduak irabazi zituen bueltakoan, Txomiñenen, eta 5-1 nagusitu da Bergararen kontrako kanporaketan. Xuban Goñik eta Aimar Zabalak 22-12 irabazi zuten kadete mailakoa; Eñaut Lizeaga eta Aimar Mujika 22-1 nagusitu ziren jubeniletan; eta Oier Gurutzealdek eta Jokin Santxezek irabazi zuten nagusiena (22-17).
Final laurdenetan, Astigarragak Tolosa izango du kontrario, eta Hernanik Azpeitia.
Gipuzkoako Trinkete Txapelketan, bestalde, kadete mailako finala irabazi zuten Unax Manterola eta Peru Urdanpilleta hernaniarrek, Julen Deskarga eta Manex Martin herrikideen kontra (40-19).