Telmo Semperena, Espainiako txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 25a, 00:00

Madison proba irabazi zuen astigartarrak, Illart Zuazubiskarrekin batera, Mallorcan.

Haundia egin du Telmo Semperena astigartarrak, asteburuan, pistako Espainiako Txapelketan: urrezko domina lortu zuen madison proban, Illart Zuazubiskar abadiñoarrarekin bikotea osatuta. 51 puntu lortu zituzten, eta aurrea hartu zieten Baleareetako Francesc Bennassar eta Pau Llanerasi. Jaime Romero astigartarrak ere hartu zuen parte, Asier Pozorekin batera, eta zazpigarren izan ziren bi gazteak.

Telmo Semperena eta Illart Zuazubiskar, madison proban. Argazkia: RFEC

Scratch proban ere aritu ziren bi astigartarrak, banaka, Espainiako Txapelketan. Eta horretan ere, podiumera igotzetik oso gertu geratu zen Semperena: laugarren izan zen, 157 punturekin, Zuazubiskar hirugarrenak baino hiru puntu gutxiago; bigarren izan zen, 23 urtez azpikoen artean. Romero, berriz, 11garren sailkatu zen guztira, eta zazpigarren 23 urtez azpikoetan.

Errepidean, bestalde, jubenil mailakoek izan zuten lasterketa Anoetan. Bertan izan ziren bi hernaniar eta astigartar bat; eta hiruek bukatu zuten proba: 50garren sailkatu zen Unax Urretabizkaia, 97garren Aner Zilbeti, eta 101garren Ekhi Muñoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!