Gaur bukatuko da Sagardoaren Txapelketako ligaxka, postu bakarra erabakitzeko dagoela

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 00:00

Gaur jokatuko du azken partidua txapelketan, Zubirik. Argazkia: Maialen Andres

Gaueko 22:15etan hasiko da jaialdia, Galarretan, eta zuzenean eskainiko du ETB1ek. Zubiri eta Juanenea ariko dira, baina ez daukate sailkatzeko aukerarik. Jokatuko ez duen arren adi egongo da Barrenetxea, plaza bat baitauka jokoan.

Sei jardunaldi ikusgarriren ondoren, gaur bukatuko da Sagardoaren Txapelketako ligaxka, zazpigarrenarekin: Juanenea eta Zubiri (Larre-Gain sagardotegia) ariko dira aurreneko­an, Segurola eta Larrañagaren (Gaztañaga) kon­tra; eta bigarrenean, aurrez aurre izango dira Ansa II eta Labaka (Setien), eta Goikoetxea VI eta Aizpuru III (Gurutzeta). Gaueko 22:15etan hasiko da jaialdia Galarretan, eta zuzenean eskai­niko du ETB1ek, Erremontari sa­ioaren barruan.

Azkeneko partidua izango du gaurkoa Aritz Zubiri goizue­ta­rrak, aurtengo txapelketan. Izan ere, ez daukate au­ke­rarik se­mifinaletara sailkatzeko: azkeneko postuan daude, 4 pun­ture­kin. Orain arte ez dute par­tidurik irabazi, baina ondo bu­katu nahi dute txapelketa, eta estreinako garaipena bilatuko dute gaurkoan, ligaxkako hirugarren sailkatuaren kontra.

Aldiz, dagoeneko bukatu du ligaxka Endika Barrenetxea hernaniarrak, baina adi-adi ikusiko ditu gaurko bi partiduak; bereziki, bigarrena. Bera eta Etxarri (Oialume Zar) sailkapeneko bosgarren pos­tuan daude, 9 punturekin; eta puntu kopuru berarekin dau­de Goikoetxea V eta Aizpuru III, laugarren. Bi bi­koteen artean dago jokoan semifinaletako azkeneko txartela, baina ez dauka erraza hernaniarrak: behar du Goikoetxeak eta Aizpuruk 16 tanto edo gutxiago egitea.

Semifinaletan ariko diren bes­te hiru bikoteak, dagoeneko zehaztuta daude: 16 punturekin daude Ansa II eta Labaka aurrena, eta Urriza eta Zaldua (Bereziartua) bigarren; eta 12 punturekin, hirugarren dira Segurola eta Larrañaga.

Haien artean, bakoitzak zein postutan bukatuko duen bakarrik dago jokoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!