'Elkartuko gara' kantua aurkeztu du Laiotzek, abeslari berriarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 23a, 00:00

Itxaso Treku abeslari berria, Oialume Zar sagardotegian, Laiotzen bideoklipean.

Itxaso Treku izango da taldeko abeslari berria, eta sagardo munduari eskainitako abestia eta bideoklipa sortu dute.

Bi nobedade eman ditu aditzera Laiotz taldeak, azkeneko egunetan. Batetik, abeslari berria dauka taldeak, eta Itxaso Trekuk jarriko die ahotsa bere abestiei, aurrerantzean. Naroa Jaka izan da Laiotzen abeslaria, azkeneko urteotan, eta eskerrak eman nahi izan dizkio taldeak, elkarrekin egindako bideagatik, baita Jakak erantzun ere: «plazerra nirea izan da! Orain zuetaz behetik disfrutatzea tokatzen zait, nahiz eta hainbeste urteren ondoren faltan botatzen den tablatua», adierazi du abeslariak sare sozialetan.

Eta bestetik, kantu berria ere aurkeztu du Laiotzek: Elkartuko gara, sagardo munduari eskainitako abestia. Kantua bakarrik ez, bideoklipa ere osatu dute, eta ikusgai dago taldearen webgunean (laiotz.com), bere YouTu­be­ko kanalean, Facebooken eta Instagramen. Oialume Zar sagardotegian grabatu dute bideoklipa, eta bertan, dagoeneko, Itxaso Treku bera da letrei ahotsa jartzen diena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!