Mozioak eta adierazpen instituzionalak protagonista, asteartean izango diren bi Plenoetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 23a, 00:00

Etzi egingo dute ohiko Plenoa, arratsaldeko 19:00etan hasita, Hernaniko Udalak telematikoki eta Astigarragako Udalak udaletxean bertan.

Ohi bezala, bat egingo dute maiatzeko egun eta ordutegian ere, Hernaniko eta Astigarragako Udalen Plenoek. Etzi izango dira biak, asteartearekin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Tele­matikoki egingo du Hernanikoak, eta modu presentzialean Astigarragakoak, udaletxean. Eta oraingoan, mozioak eta adierazpen instituzionalak izan­go dira protagonista.

Gai-zerrenda laburra daukate lantzeko Astigarragan: kredi­tu aldaketa bat; Txalaka-Oia­lu­meko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko puntua; eta bi adierazpen instituzional. Au­rrenekoa izango da Palestinaren aurka Israel egiten ari den erasoen ingurukoa; eta bigarrena, Kolonbiako egoerari buruzkoa.


'Hernani' Musika Eskolako zuzendaritza taldea berritzea, Plenoko gai-zerrendan

Luzeagoa izango da Hernaniko Plenoko gai-zerrenda. Apirileko dekretuei eta 2021eko aurrekontuaren exekuzioari buruzko informazioa eman ondoren, eztabaidatuko dute aldaketa egitea zuzeneko erregimeneko dirulaguntzetan. Udaletxeko lanpostuen zerrendan ere egingo dute aldaketarik: idazkaritzako atezain administrari laguntzaileen azpieskalako plaza birsailkatu eta amortizatu; eta Tokiko Garapeneko sailean administrari plaza sortu. Segidan, 'Hernani' Musika Eskola publikoa izango dute hizpide: zuzendaritza taldea berrituko dute.

Eta bukatzeko, landuko dituzte lau mozioak. Bi aurkeztu ditu EH Bilduk: energia iraunkortasun legea betetzeko udalek behar duten finantziazioaren ingurukoa; eta Kolonbia eta Palestinako herriei elkartasuna adieraztekoa. Eta beste biak dira Elkarrekin Podemos-O­rain Hernanirenak: Hernaniko pobrezia menstrualarekin amaitzekoa; eta kalean dauden pertsonen eskubideak defendatzekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!