Harrera egingo diote bihar Hernanin, pentsio duinen aldeko bizikleta martxari

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 23a, 00:00

Hernaniko erretiratu eta pentsiodunak, maiatzeko elkarretaratzeetako batean.

Hitzordu berezia izango dute Hernaniko erretiratu eta pentsiodunek, biharkoan. Errenteriatik abiatuko da bizikleta martxa, eta 11:45etan iritsiko da Zinkoeneara. Pintxoak eskainiko dizkiete partehartzaileei, Plazan.

Astelehenero bezala, hitzordua daukate bihar eguerdian, Hernaniko erretiratu eta pentsiodunek. Baina oraingoan berezia izango da: harrera egingo diote pentsio publiko duinen aldeko bizikleta martxari.

Bihar hasi eta larunbatera bitartean osatuko du ibilbidea, Gipuzkoa osoan barrena, bizikleta martxak. Errenterian hasiko da, eta Tolosan bukatuko du aurreneko etapa. Bide horretan, Astigarragatik pasako dira 11:30ak aldera, eta eguerdiko 11:45etan iritsiko dira Hernanira: Zinkoenean egingo diete harrera erretiratu eta pentsiodunek, partehartzaileei. Ondoren, Kale Nagusian gora abiatuko dira elkarrekin, Pla­za­raino; eta ber­tan, pintxoak es­kainiko dizkiete, indarrak berritu eta bidea ja­rraitzeko. Urnieta, Andoain, Vi­llabona eta Iru­ra ze­harkatuko di­tuzte, Tolosara iritsi aurretik.

Harrera ekitaldirako, berta­ratzeko gonbitea luzatu diete Hernaniko pentsiodunek, herritar guztiei: «gure arazoak ez dira gureak bakarrik. Gure atzetik datozenentzako ere badira arazo», nabarmendu dute.

Guztira, 55 kilometroko ibilbidea osatuko du pentsio duinen aldeko bizikleta martxak, bihar­koan. Eta etzi izango du segida: Tolosatik Zumarraga eta Urretxura joango da. Asteazkenean, berriz, Zumarragatik Bergararako bidea osatuko dute; ostegunean Bergaratik Debara joango dira; ostiralean Debatik abiatu eta Usurbilera iritsiko dira; eta larunbatean, bukatzeko, Usurbiletik Donostiarako bidea osatuko dute Gipuzkoako pentsiodunek.

Egun horretan, hain justu, manifestazioa egingo dute Donostian, Euskal Herriko gainerako hiriburuetan bezala, arratsaldeko 17:00etan. «Onartezina da hiru urteko mobilizazioen ondoren lortutako konkistak arriskuan egotea, eta pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzeko urrats irmorik ez ematea», diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!