Aurreko astean egindako lan ona, gaur borobildu nahi zuen Hernanik, hirugarren mailarako igoera fasean. Baina astebete itxaron beharko dute horretarako. Izan ere, atzo jakinarazi zion Gipuzkoako Futbol Federazioak talde berdeari, partidua ezingo zutela gaur jokatu, Covid-19a tarteko. Hori horrela, datorren asteburuan da jokatzekoa final laurdenetako bueltako partidua, Zubipen. Joanekoan, 0-2 nagusitu ziren berdeak, Elgoibarren.
Irabaziz gero, Zarautz edo Eibar izango du kontrario Hernanik, semifinaletan. Bi taldeek bana berdindu zuten Zarautzen, eta Eibarren jokatuko dute pasea, bihar arratsaldean. Euskal Ligan, berriz, bigarren faseko bigarren itzulia hasiko du Hernanik, eta Barakaldoren kontra ariko da bihar, Zubipen, arratsaldeko 17:00etan. Multzoko azkeneko sailkatua da talde bizkaitarra, eta Barakaldon 2-2 berdindu ondoren, oraingoan ez dute huts egin nahi berdeek: garaipena nahi dute etxean, Oiartzun eta Aurrera de Vitoriari aurrea hartzen saiatzeko. Izan ere, oso berdinduta dago sailkapena: 20 punturekin dago Hernani, Lakua bezala; 21 punturekin daude Oiartzun eta Aurrera de Vitoria; eta 23rekin Goierri Gorri.
Nesken ohorezko erregional mailako taldeak, bere aldetik, Kopari ekingo dio, eta prebia jokatuko du bihar, 12:00etan Zubipen, Urolaren kontra. Eta mutil jubenilek, Gernikaren zelaian jokatuko dute Liga Nazionalekoa, gaur arratsaldean, 15:30etan Urbietan.
Axularren kontra, Mundarro
Etxetik kanpo ariko da, Mundarroko talde nagusia ere. Donostiako Puio zelaian jokatuko dute mutil erregional preferenteek, Axularren kontra, gaur arratsaldeko 18:30etan. Aurreko astean Orion irabazi eta Usurbilen berdindu ondoren, gora begira jarri nahi dute moreek, ligaxkako azkeneko bi partiduetan.