Bihar ekingo dio Hernanik Herriartekoari, Aretxabaletan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 15a, 00:00

Paul Ojuel eta Markel Lizeaga ariko dira nagusietan, Herriartekoan.

Goizeko 11:00etan jokatuko ditu final zortzirenetako joaneko partiduak. Astigarragak atzo   ekin zion, Bergaran.

Ikuslerik gabe eta herritarren animoen faltan, baina asteburu honetan hasiko da denboraldiko txapelketa herrikoiena, esku pelotarientzat. Atzo ekin zion Herriarteko Txapel­keta­ri Astigarragak, Bergaran, fi­­­­nal zortzirenetako joaneko partiduekin. 2019an lortutako ba­len­­triaren on­dotik, txapela de­­fendatzea da­gokie astigartarrei, joan den urtean ez baitzen jokatu.

Eta bihar goizean izango da Hernaniren txanda. Aretxabaletaren kontra hasiko du bidea, final zortzirenetan; eta Aretxabaletan bertan ekingo dio, bihar goizeko 11:00etan hasita. Kadete mailako partiduan, Unax Manterola eta Oier Alegria ariko dira; jubeniletan, Unax Uitzi eta Unai Etxarri izango dira Hernaniren ordezkari; eta nagusietan Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak jokatuko dute. Hiru partiduetan izango dira faborito hernaniarrak, eta hirurak irabazi nahi dituzte, bueltakoetan lasaiago jokatu ahal izateko, Hernanin.

Guztira, 16 herrik eman dute izena, eta final zortzirenetan ha­siko dira denak, honako kanporaketekin: Oñati/Azpeitia, Andoain/Tolosa, Alegia/Zestoa, Bidania-Goiatz/Amezketa, Aduna/Ataun, eta Oiartzun/Azkoitia.

Irabaziz gero, Hernanik Oñati edo Azpeitia izango luke kontrario final laurdenetan, eta Astigarragak Andoain edo Tolosa.

Trinketeko finaletan gaur, bailarako bi bikote

Gipuzkoako Txapelketetan, bestalde, trinketeko binakako finalak jokatuko dituzte gaur, Irurako Ametsan, eta bailarako bi bi­kote ariko dira. Mattin Arluziaga eta Xabier Apaolaza hernaniarrak ariko dira aurrena, jubenil mailakoan, 16:30etan hasita. Behar Zanako Aburuza eta Iraola izango dituzte kontrario, eta hernaniarrak dira txapela janzteko faborito, sailkapen fasean partidu guztiak irabazi ondoren. Eta segidan jokatuko dute Aimar Mujika eta Oier Gurutzealde astigartarrek, nagusien bigarren mailako finala. Soraluze izango dute aurrean.

Eta Goizuetan, azkenik, Men­dialdeko Txapelketako partidu­ak jokatuko dira bihar, nagusietan, goizeko 10:00etan hasita. Horie­tako batean ariko da Antton Apezetxea, Irurtzungo Armendarizekin, Larraungo Lansalot eta Gurrearen kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!