Antzina, salerosgaiak Urumea ibaitik garraiatu ohi ziren barnealdetik kostaldera. Itsasbeheran, Lizeagako portuan alak sagardoz eta baserrietako produktuz bete eta Donostiara edo Pasaiara jaisten ziren. Pasaiara jaisten zer sagardoa Ternuara zihoazen itsasontzietara eramaten zen, eta Donostiara iristen zena, idien bitartez, Alde Zaharreko tabernetako biltokietara.
Itsasgoran, alak hondarrez bete eta bueltan eramaten ziren Astigarragara. Hondar hori animalien ukuiluetako lurrean erabili eta etxeetako paretak eraikitzeko erabiltzen zen masarekin elkartzen zen.
Egun, praktika hori gogora ekartzen duten eta Urumea ibaia eta sagardoa uztartzen dituzten pare bat ibilbidez goza daiteke.
Batetik, Astigarragako Lizeaga eta Petritegi sagardotegiek “Urumea, sagardoaren ibaia” izeneko ekitaldia antolatu ohi dute urtero abendu hasierako zubian. Herriko jendeak beraien produktuak idiz Lizeagako portura eramaten dituzte eta Albaolak eginiko txalupa edo alara igo. Hurrengo egunean, ala hartu eta Donostiara joaten dira, Urumea ibaian zehar. Bertan, Albaolak utzitako polea batzuk erabiliz, ala hustu eta idien bitartez Boulevard-era eramaten dituzte produktu horiek, bertan jarri ohi duten tolarean festa ospatzeko.
Bigarren ibilaldi batek, “SagarBike” izenekoak, Donostiatik Astigarragarako bidea egiten du Urumea ertzetik. 8,6 kilometroko ibilbide honetan lau puntu ezagutzeko aukera dago: Santa Katalina Zubia, Latsari Plazatxoa, Txomin-enea auzoa eta Gartziategi baserria.
ASTIGARRAGAKO UDALAK BABESTUTAKO ATALA
