Asteartean sartu zen indarrean, Espainiako Gobernuaren neurri berria: hiriguneetan, gehienez ere 30 km/h abiaduran mugitu daitezke ibilgailuak, norantza bakoitzerako karril bakarra dagoen bideetan; eta 50 km/h abiaduran, bi karril edo gehiago dituztenetan. Horrekin, herri eta hirietako segurtasuna haunditu nahi dute, istripuak gertatzeko arriskua saihesteko, eta horien ondorioen larritasuna murrizteko. Baina era berean, espero dute neurriak balio izatea, mugikortasun jasangarriaren bidean pauso berriak emateko, eta kotxearen alternatibak indartzeko.
Asko izango dira, kotxearen partez, bizikleta edo patinete elektrikoa erabiltzea planteatu dutenak, garraiobide gisa, lanera joateko edota egunerokoan egin beharreko joan-etorrietarako. Eta gero eta gehiago dira, ideia hori praktikara eramaten dutenak: «indarra hartzen ari da bizikletaren erabilera, lanera joateko edo garraiobide gisa; baina hemen dauzkagun azpiegiturak ez dira egokiak», azaldu dute Joseba Arregik eta Iñigo Lizeagak, Azken Kilometroa bizikleta dendako arduradunek: «bizikletan mugitzen bazara, behar duzu hura uzteko toki bat, eta ez daukagu aukera haundirik, bizikletak kalean uzteko. Donostiara joaten bazara, non utziko duzu bizikleta, lapurtuko ote dizuten beldurrik izan gabe? Zer egingo duzu bizikletarekin?».
Eta bideetan ere, badago zer hobetua, nabarmendu dutenez: «bidegorriak ez daude egoera onean. Utzita daude, zikin, kristalez beteta, arriskutsuak dira, edozein lekutan bukatzen dira... Eta errepidetik joateko ere, nahiko lan. Hiriguneko abiadura mugatuta, eta bizikletan zoazela kotxea motelago gerturatzen ikusteak, laguntzen du segurtasunean. Baina badago jendea, bizikletan mugitzen dena errepidea ahalik eta gutxien ikututa. Hori baino garrantzia haundiagoa dauka bizikleta uzteko toki egokia izateak. Horrek gehiago indartuko luke bizikleta garraiobide bezala erabiltzearena».
Egunerokoan ibiltzeko egokituta, bizikletak: parrilla, alforjak, guardabarroa...
Lanera joateko edo eguneroko joan-etorrietarako bizikleta bat behar dutenei, horretarako egokitutakoa gomendatzen diete Azken Kilometroan: «parrillarekin, alforjak jartzeko aukerarekin, guardabarroarekin... Eta kontutan hartuta, baita ere, kalean egon beharko dela. Hiriko bizikletak daude, eta baita hibridoak ere, ibili daitezkeenak errepidean, bidegorrietan zein hormigoizko pistetan. Postura erosoa izaten dute, desarrollo egokia, eta denerako modukoak izaten dira», diote.
Bizikletetan azken urteotako nobedadea dira motor baten laguntza daukatenak: «ematen dituen aukerak ezagutu ahala, jendea ari da horiekin animatzen. Berez oso aukera egokia dira lanera joateko. Lagundu egiten dizu, izerditu gabe eta txukun iritsi zaitezke... Baina bizikleta uzteko lekuaren arazoa areagotu egiten da. Bizikleta arrunt bat ez badakizu non utzi, motorra daukan bat...». Aisialdirako erabiltzen ditu jende gehiagok, motordunak: «astean zehar ibiltzeko denbora asko ez daukan jendeak, adibidez, etekin haundia ateratzen dio. Ez da gauza bera 15 egunetik behin ibiltzea laguntzarik gabe, edo motor horren laguntzarekin».
Motordunak izan edo ez, asko dira bizikletan ibiltzera ateratzen direnak, Urumea bailaran: «zonalde hau beti izan da oso bizikleta-zalea. Eta pandemiarekin, ezarri diren mugekin, bizikleta oso egokia da kanpoan kirola egiteko. Aspaldi bizikleta utzita zeukan jendeak berreskuratu egin du bizikleta hartzeko ohitura, orain».
Hernanitik Goizuetara dijoan bidean, bereziki, txirrindulari asko izaten dira, asteburuetan bereziki. Eta bide estua izanik, ibilgailuen eta bizikleten arteko elkarbizitzan tira-birak sortzen dira zenbaitetan.
Ibilgailuek, txirrindulari bat aurreratzeko, metro eta erdiko distantzia tartea utzi behar dute gutxienez. Ikusgarritasun oneko tokietan aurreratu behar da, baina txirrindulari bat aurreratzeko, posible da beste norantzako karrilean sartzea, erdiko marra jarraia den kasuetan ere.
Txirrindulariak, bere aldetik, binaka joan daitezke ondoz ondo, eskuineko aldera ahalik eta gehien hurbilduta, baina auto ilarak sortzen dituztenean edo ikusgarritasun gutxien dagoen lekuetan banako lerroan jarrita. Gainera, errepidean doazenean, autoek bezalaxe errespetatu behar dituzte trafikoko arauak, txirrindulariek ere: semaforoak gorri daudenean gelditu, Stop seinaleak eta pasatzen uztekoak errespetatu... Egingo dituzten maniobrak ere, behar bezala adierazi behar dituzte, aldez aurretik: eskuineko bidea hartu behar badute, eskuineko besoarekin adieraziko dute, adibidez. Eta txirrindularia bada beste ibilgailu bat aurreratu behar duena, berak ere utzi beharko du metro eta erdiko tartea.
Gainera, gauez edo ilunpetan ibiliz gero, argia jarri eta piztuta eraman beharko dute: aurreko aldean txuria, eta atzean gorria. Eta noski, derrigorrezkoa da kaskoa jantzita eramatea ere, herritik kanpoko bideetan. Herri barruan, oraingoz, 16 urtetik beherakoentzat bakarrik da derrigorrezkoa kaskoaren erabilera, baina araudian aldaketak izango direla aurreratu dute.