Bihar izango da Aixita bertso sariketaren lehenengo edizioa, Irurtzuneko kultur etxean. Eli Pagola ereñotzuarra izango da bertan, beste bosna bertsolarirekin. 17:30etan emango diote hasiera sariketari, kanporaketa fasearekin; hori amaituta, buruz burukoa 19:45etan izango da.
Hori horrela, Euskal Herri osoko bertsolariz osatutako seikote honek hartuko du parte sariketa berri honen aurreneko edizioan: Eli Pagola, Imanol Uria, Iker Gorosterrazu, Maddi Ane Txoperena, Saioa Alkaiza eta Xabi Igoa. Horrekin batera, gai jartzaile lanetan Zigor Gartzia Zian arituko da.
22-30 urte artekoentzat
Bestalde, antolatzaileek jakitera eman dutenez, joan den urtean ekin zioten sariketa hau prestatzeari. «Iaz bururatu zitzaigun, Nafarroan ez zegoen horrelako sariketarik eta horregatik animatu ginen. Irurtzun erdigune izan da beti zenbait aran euskaldunendako, eta Irurtzunen bertan, Pikuxar euskal txokoa dago. Elkarte horretako bertsozale batzuen ideia izan zen, eta Barañaingo Bertso Eskolatik babes teknikoa eman genien».
Aurrekoarekin lotuta, sariketa hau «Euskal Herri osoari irekita» dagoela aipatu dute. «Asmoa dugu bi nafarrekin kontatzea beti, eta beste herrialdeetatik bertsolari bana ere hemen izatea; eta, aurten, horrela izanen da».
Gainera, sariketa hau, «malgutasuna duen arren», 22 eta 30 urte arteko bertsolarientzat dago zuzenduta; izan ere, antzeko sariketak ere badaude (Txana, kasu), eta hori 17 eta 22 urte artekoentzat da.