Landa eremuen garapena sustatzeko deialdia ireki da

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 13a, 00:00
Landa eremura daude bideratuta laguntzak.

Gipuzkoako Aldundiak 950.000 euro bideratuko ditu lurralde orekari laguntzen dioten proiektu kolektibo sozioekonomikoak babesteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2021ean, 950.000 euro bideratuko ditu landa garapeneko proiektuak bultzatzeko laguntzetara. Dirulaguntza horien helburua da Gipuzkoako landa eremuetako ekonomiaren garapen integrala eta sustapena bultzatzea, garatzen ari diren edo garatu nahi diren jardueren ekonomia eta ingurumen arloko errendimendua hobetuz, batez ere nekazaritza ustiategietan; nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren merkaturatzea eta eraldaketa hobetuz; eta eragileak proiektuen garapenerako azpiegiturez eta baliabideez hornituz.

Deialdiaren bidez laguntza ekonomikoa emango da lehen sektorearen sustapenarekin lotutako hainbat jarduketa gauzatzeko: kalitatezko nekazaritza produktuak merkaturatzea, tokiko merkatuak eta banaketa zirkuitu laburrak sustatuz eta lan horiek erraztuko dituzten azpiegituretarako inbertsioak eginez; makinak eta ibilgailuak erostea, komunitateek eskatutako zerbitzuak emateko eta baserritarren bizi-kalitatea hobetzeko; nekazaritza zerbitzuak modernizatzea eta digitalizatzea, landa eremuaren eta hiri eremuaren arteko arrakala digitala murrizteko, energia eraginkortasuna hobetzea ere kontuan hartuta; eta nekazaritza produktu berriak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsio proiektu berritzaileak egitea.  


Diruz lagunduko dira hainbat jarduera

Era berean, diruz lagunduko dira honako hauek: landa eremuetan kokatutako ostatuak, gizarte eta kultura zerbitzuak zaharberritzeko eta ekipatzeko inbertsioak; landa eremuan enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko jarduerak eta proiektuak; eta elektrifikazioa, zehazki, transformazio zentroak eta behe tentsioko lineak hobetzea eta egokitzea, bai eta lurzoru urbanizaezineko nekazaritza ustiategietarako eta etxebizitzetarako eta landa guneetarako energia hornidurako lineak ere.

Laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte Gipuzkoako Udalek eta toki erakunde txikiek, landa garapeneko elkarteek, eta nekazaritza elkarte eta kooperatibek. Informazio eta eskakizun guztiak eskuragarri daude GAOn. Eskabideak Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira: https://egoitza.gipuzkoa.eus.

Landa garapeneko elkarteek, nekazaritza elkarteek eta kooperatibek %65eko dirulaguntza jaso ahal izango dute.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!