Adinekoen egoitzetako egoiliarrak egunero irten ahal izango dira, astelehenenetik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 12a, 18:18

Datorren astelehenean, hilaren 17an, sartuko da indarrean Foru Agindu berria. Ahal dela, paseo terapeutikoetarako ateratzea gomendatu dute; eta, kasu guztietan, espazio itxiak edo jendetsuak saihestea lehenetsi dute.

Foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak hiru lurraldeetako egoitzetan eguneroko harremanak bermatzea adostu berri dute. Horrela bada, adineko egoitzetan bizi diren egoiliarrak egunero irten ahal izango dira. Horren bueltan, agintariek lehenetsi dute «ahal dela», paseo terapeutikoetarako ateratzeko; eta, horrekin batera, kasu guztietan, espazio itxiak edo jendetsuak saihesteko adierazi dute. Hiru aldundiak lantzen ari diren Foru Agindu berriak datorren astelehenean, maiatzaren 17an, sartuko dira indarrean, Osasun Publikoak agertoki berrirako prestatutako protokoloaren barruan.

Gainera, adostutako neurriak egoera berrira egokitzea erabaki dute, egoiliarren zentroetako langileen eta 60 urtetik gorako biztanleen txertaketan izandako aurrerapenaren ondorioz, eta alarma-egoeraren amaieraren ondoren.

Horrela bada, erabiltzaileak egunero irten ahal izango dira zentrotik, «eta irteerak lehenetsiko dira bisiten gainetik». Horrekin batera, egungo segurtasun neurriak betetzea ezinbestekoa dela esan dute. «Segurtasun neurriak zorroztu beharko dira uneoro, eskuak garbitzeaz gain, maskarilla erabili beharko da, eta zentroak erabakiko du zein ordutegi bete behar den sarrera eta irteeren kontrola ezartzeko. Halaber, ibilaldi terapeutikoak lehenetsiko dira, irteeretan espazio itxi eta jendetsuak saihestuz».

Bestalde, egoitza kokatuta dagoen udalerriko intzidentzia komunitarioa altua izanda ere, helarazi dute irteerak ez dira etengo; «egoitzan Covid-19 agerraldi bat izanez gero edo antzeko egoeraren bat ematen bada bakarrik etengo lirateke».

Bisitak egoitza zentroetan

Aipatutakoaz gain, egoiliarrek astean hiru bisita izan ditzakete gutxienez, «horretarako prestatutako guneetan eta bisitaldi bakoitzeko bi seniderekin, gehienez ere».

Edonola ere, baldintza horiek salbuetsi ahal izango dira kasu hauetan: «egoiliarra bizi-amaierako prozesuan dagoenean, edo haren egoera kognitiboek egoera ulertzea eragozten dutenean. Kasu horietan, maiztasun eta iraupen handiagoak baimendu ahal izango dira, baita logelan bisitak egitea ere».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!