Goizuetan eta Aranon ere amaitu da etxeratze agindua

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 12a, 00:00

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak behartu du eta ez hori bakarrik, ostalaritzako terrazak 22:00etan ixteko agindua ere atzera bota du.

Astigarragan, Ereñotzun eta Hernanin gertatu bezala pasa den igandean, bukatu da etxeratze agindua Goizueta eta Aranon ere. Gehiago luzatu nahi zuen Nafarroako Gobernuak etxeratze agindua baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Foru Agindua bertan behera uztera behartu du. Ez hori bakarrik, ostalaritzako terrazak 22:00etan ixteko agindua ere atzera bota du aginte judizialak. Auzitegiaren ustez, ordutegi muga horiek «etxeratze aginduaren testuinguruan bakarrik dute zentzua, ordutegiaren muga horien helburua agindua betetzen laguntzea baita».

Sei pertsonako muga
Eremu pribatuan zein publikoan gehienez sei pertsona biltzeko mugari dagokionez, Auzitegi Nagusiaren iritziz «erabaki egokia eta proportzionatua da», aurreko ebazpenetan adierazi duen bezala.


Hori bai, Nafarroako Justizia Auzitegiak ontzat jo ditu Nafarroako Gobernuak hartutako gainerako neurriak, bereziki elizetan ezarritako edukiera mugak. «Beharrezkoak eta proportzionalak dira». Izan ere, Administrazioarekiko Auzien Salak mugikortasuna mugatzeko eskumena aitortu dio Nafarroako Gobernuari. Beraz, beharrezkoa izanez gero, herrikako itxialdi perimetralak ezartzerik izanen du aurrerantzean ere.


Auzitegiaren erabakia jakin bezain laster, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak erran du errespetatzen duela, baina xeheki aztertuko dutela ebazpena. Dena den, «harrituta» agertu da epaileek ostalaritzako terrazen ordutegiaren muga baztertzeko hartutako erabakiarekin

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!