Liztor beltza edo asiatikoaren kabiak desaktibatzeko kanpaina jarri da martxan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 12a, 00:00
Liztorraren habiak hasieran kendu behar dira.

Aldundiaren kanpainaren helburua espezieak sortzen dituen kalteak murriztea da eta honen zabalkundea ekiditeko kolaborazioa eskatzen da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak liztor beltza edo asiatikoaren kabiak desaktibatzeko kanpaina jarri du martxan. Helburua espezieak sortzen dituen kalteak murriztea da eta honen zabalkundea ekiditeko herritarrei kolaborazioa eskatzen diote. Kanpaina apirilaren 22an martxan zegoen eta dagoeneko Astigarragan eta Hernanin desaktibatu dira hainbat kabi.

Liztor beltzaren erreginek hibernatzen pasa dute negua eta udaberriarekin batera, neguko ezkutalekutik atera eta kabi berriak egiteari ekin diete. Hori dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak haien kabiak desaktibatzeko kanpaina jarri berri du martxan. Suhiltzaileek, basozainek, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideek eta Landa Garapen Elkarteko, udaletako eta Aldundiko langileek osatzen dute lantaldea. Helburua, liztor beltzak erlezaintzan, nekazaritzan eta ingurumenean sortzen dituen kalteak murriztea da; baita pertsonei egiten dizkieten ziztadak ekiditea ere. Horretarako, herritarrei kolaborazioa ere eskatzen zaie; liztor beltzaren kabi bat ikusiz gero udalera deitzeko eskaera egin du Aldundiak, protokoloa martxan jarri dadin.

 

Bereizten duena hankak dira, puntan horiak, eta lehenengo kabiak toki babestuetan jartzen ditu

Liztor beltzak buru beltza eta aurpegi laranja ditu; bertako liztorrengandik bereizten duena hankak dira, gorputzaren aldeko zatia beltza eta puntak horiak baititu. Lehenengo kabiak toki babestuetan kokatu ohi dira: teilatu-hegal azpietan, ganbaretako sabaietan, balkoietako sabaian eta pertsianen kaxetan, esaterako. Uztaila amaiera bitarte ikusten dira eta forma esferikoa dute, ia borobila. Oso garrantzitsua da lehen kabi hauek detektatzea eta desaktibatzea, liztorrak ugaritzea eta zabaltzea ekiditen baita horrela.

Lehenengo kabia suntsitu ezean haundiagoak egiten dituzte, eta uda edo udazken parterako kabi bakoitzean 3.000 liztor inguru izatera iritsi daitezke. Gainera, lehenengo kabiak kentzea errazagoa izaten da langileentzat, txikiak baitira, eta baliabide gutxiago eskatzen dituztelako: spraydun biozidarekin eta salabardoaren laguntzaz nahikoa izaten da askotan.

 

Ilunabarrean suntsitu behar dira erregina bertan dagoenean

Aipagarria da, lehen kabi hauek ilunabarrean suntsitu behar direla, egunez liztorrak janari bila baitabiltza. Erregina kanpoan dagoela kenduz gero, honek beste kabi bat eraikiko du eta egindako esfortzu guztiak alferrikakoa izango litzateke. Arantxa Ariztimuño Mendia eta Natura Ingurumeneko Zuzendariaren esanetan.  «Azken urteetako joera beheranzkoa izan da; iaz esaterako, 845 kabi indargabetu ziren Gipuzkoan».

Liztor asiatikoak, ondutako frutak kozkatzen ditu, erleak eta bestelako xomorro ugari erasotzen ditu, bertakoa den liztorrarekin lehiatzen du eta polinizatzaileak diren espezieen jokabidea eraldatzen du. Horrenbestez, ondorioak oso nabarmenak dira erlezaintzan eta nekazaritzan, kalteak sortzeaz gain, ingurumenean eragiten baitute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!