Pistako Euskadiko Txapelketan laugarren, Tasio Semperena kadetea

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 00:00
Xabier Mikel Azparren irrifartsu (erdian), Algarveko Itzuliko etapa batean. Argazkia: Euskaltel-Euskadi

Azkeneko sprintean galdu zuen astigartarrak, omniumeko podiuma. Xabier Mikel Azparren 15garren, Algarveko Itzuliko erlojupekoan.

Lasterketa askorik gabe, baina errepidean eta pistan banatuta aritu dira bailarako txirrindulariak, asteburu honetan.

Pistako Euskadiko Txapelketa jokatu zuten larunbatean, Berrizko Marino Lejarreta belodromoan; eta bertan aritu zen Tasio Semperena astigartarra, ka­deteetan. Lau probaz osatutako omniumean hartu zuen parte, eta oso maila onean aritu zen: laugarren bukatu zuen, podiuma esku-eskura izan ondoren. Scratchean laugarren izan zen aurrena, baita tempo proban ere, eta bigarren izan zen eliminazioan. Hori horrela, sailkapen nagusiko bigarren postuan iritsi zen azkeneko probara. Horretan, baina, aurreko esfortzuaren ne­kea nabaritu zuen, eta luze egin zitzaion: azkeneko sprinta zazpigarren bukatu zuen, eta bi le­hiakidek hartu zioten aurrea.


Erlojupekoan onenekin berriro, Xabier Mikel Azparren

Errepidean, bestalde, Algarveko Itzulian aritu zen Xabier Mikel Azparren, profesional mailan, Portugalen. Bost etapa izan ziren, eta beste behin, erlojupeko proban eman zuen oso maila ona astigartarrak, laugarren eta­pan: 15garren sailkatu zen, eta Kasper Asgreen irabazleak bai­no 1:23 gehiago behar izan zu­en 20,3 kilometroko ibilbidea osa­tzeko. Erlojupekoa osatzen au­rrenekoetakoa izan zen Azparren, eta denbora batez izan zen markarik onenarekin.

Azkeneko etapa, berriz, Ma­lhao mendatean bukatu zuten, eta 43garren sailkatu zen Azparren. 117garren bukatu zuen sailkapen nagusian.
Eta jubenil mailan, azkenik, Laz­­kaomendiko Proba jokatu zu­­ten larunbat arratsaldean. Xabat Alonso hernaniarra izan zen bailarako ordezkari bakarra, eta 48garren bukatu zuen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!