Txapela jantzi dute Goñik eta Expositok ere, lau t'erdikoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 00:00
Xuban Goñi txapelarekin, kadete mailako finala irabazita.

22-6 irabazi zuen Xuban Goñik, eta ezin izan zuen jokatu Hodei Expositoren kontrarioak, konfinatuta. Euskal Herrikoan, Ojuel eta Lizeaga nagusi, Loidi eta Santxezen kontra (22-13).

Ezin borobilagoa izan da Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketa, esku pelotari astigartarrentzat: hiru kategoriatan aritu dira, eta hiruetan jantzi dute txapela. Izan ere, aurreko asteburuan Eñaut Lizeaga jubenilak lortutakoari, beste bi gehitu dizkiote Xuban Goñi kadeteak eta Hodei Exposito nagusiak.

Erraz nagusitu zen Goñi, Ber­garako Lazpiurren kontra, kadeteen bigarren mailako finalean. 22-6 irabazi zuen astigartarrak, Donostiako Atano frontoian.

Expositok, berriz, jokatu gabe jantzi zuen txapela, nagusien lehenengo mailan: Lapkeko Senarren kontra zen finala jokatzekoa, baina konfinatuta zegoen lazkaotarra, eta ezin izan zuen partidura azaldu.

Jokatu gabe jantzi zuen txapela Hodei Expositok; argazkian, Aimar Mujikarekin.


Trinketean, bestalde, Gipuzkoako binakakoarekin jarraitzen dute bailarako esku pelotariek. Partidu erabakigarria zeukaten Aitor Aldunberri eta Unai Alvarez hernaniarrek, jaitsierako play offa saihesteko, baina 40-15 galdu zuten, Epleko Taberna eta Aranbururen kontra. Beste partiduetako emaitzekin izan zuten zortea, ordea, eta ez dute partidu erabakigarria jokatu beharko, mailari eusteko. Hori horrela, lehenengo mailan ariko dira, datorren denboraldian ere.

 

Euskal Herrikoan aurreneko garaipena, hernaniarrentzat

Gipuzkoakoak bukatuta edo bukatzear direla, Euskal Herriko Txapelketari ere ekin diote, bi­naka. Eta hasteko, elkarren kontra aritu ziren larunbatean, Paul Ojuel eta Markel Lizeaga hernaniarrak, eta Harri Loidi eta Jokin Santxez astigartarrak. Bikote hernaniarra izan zen nagusi, partidu osoan zehar, eta 22-13 nagusitu zen azkenean.

Trinketeko Espainiako Txapelketan, bestalde, galdu egin zuten Alvarezek eta Bengoetxeak, Buruzgain taldeko bikotearen kontra (0-2); eta baita Lasak eta Aldunberrik ere, Pradejonen kontra (0-2). Jokoetara izaten dira partiduak, Espainiako Txapelketan.


Oihan Legarretak garaipena, Mendialdeko Txapelketan

Nafarroan, bestalde, Mendialdeko Txapelketarekin jarraitzen dute esku pelotari goizuetarrek, eta asteburu honetan, garaipena lortu du Oihan Legarretak, kadeteetan. Goizuetan bertan jokatu zuen, larunbat arratsaldean; eta Larraungo Goikoetxearekin bikotea osatuta, azkeneko tantoan eskuratu zuen garaipena, Larraungo Ijurko eta Aurrerako Ugartemendiaren kontra­ko partiduan (18-17).

Txapelketa berean, dagoeneko semifinaletara sailkatuta daude Umore Onako bi bikote, kimuetan: Garmendia eta Salaberria, batetik; eta Alsua eta Sagardui, bestetik.

Eta profesional mailakoei dagokienez, azkenik, ostiralean jokatu zuen Aimar Olaizola goizuetarrak, Zallan. Aitor Arangurenekin batera aritu zen, eta galdu egin zuen, Ezkurdia eta Bikuñaren kontra (15-22).

Buruz Buruko Txapelketak hasiko dira datorren asteburu­an, baina Olaizolak ez du jokatuko, aurten ere. Iker Salaberria, bere aldetik, promozio mailakoan ariko da, eta hori prestatzen ari da buru-belarri. Horri begira, atseden hartu du joan den asteburuan, eta ez du partidurik jokatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!