Hernanik lortu zuen garaipena Mundarroren kontrako derbian, oso partidu berdinduan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 00:00
Elizegi hernaniarra eta Odriozola astigartarra, partiduko jokaldi batean.

60-65 nagusitu ziren hernaniarrak Astigarragan, bigarren zatian markagailuari buelta emanda. Puntu bakarreko aldearekin iritsi ziren bailarako bi taldeak, azkeneko laurden erabakigarrira.

Derbia jokatu zuten larunbatean, Astigarragako kiroldegian, Mundarrok eta Hernanik. Derbi garrantzitsua zen gainera, aurreneko garaipena behar zutelako bi taldeek. Eta hernaniarrek lortu zuten estreinako garaipen hori, oso partidu berdindua irabazita (60-65).

Haiek ekin zioten ondoen lehiari, eta 3-10 aurreratu ziren markagailuan. Baina astigartarrak nagusitu ziren, aurreneko laurdenaren bukaeran, eta 18-15 emaitzarekin bukatu zituzten lehenengo 10 minutuak. Berdindua eta gorabehera gutxiagokoa izan zen bigarrena, eta oso tarte txikiarekin iritsi ziren atsedenaldira, astigartarrak oraindik ere aurretik zirela (30-28).

Berdintsua izan zen hirugarrena ere: markagailuan tartea egin ezinik aritu ziren bi taldeak, eta puntu bakarreko aldearekin iritsi ziren azkeneko laurden erabakigarrira (51-52). Hirukoak izan ziren protagonista, hirugarren laurden horretan: bost lortu zituen Mundarrok, eta lau Hernanik. Bereziki nabarmendu zen Lizarbe astigartarra: hiru hiruko lortu zituen azkeneko bi minutuetan, eta bereak izan ziren astigartarren azkeneko 11 puntuak, laurden horretan.

Laugarren laurdena hasi eta gutxira, gainera, beste hiruko bat lortu zuen Lizarbek berak, baina Hernani izan zen, markagailuan tartetxoa egin zuena, bost minuturen faltan (56-60). Azkenera arte saiatu zen Mundarro, eta izan zuen berdintzeko aukera ere, markagailuan 60-63 zirela, baina hernaniarrek lortu zuten garaipena, azkeneko momentuan erabaki zen partiduan.

Hernaniren aldetik, Berrondok lortu zituen puntu gehien (15); eta astigartarren artean, 16 punturekin bukatu zuen Lizarbek, eta 15ekin Odriozolak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!