Ondo hasi du hirugarren mailara igoera fasea Hernanik, Elgoibarren 0-2 irabazita

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 00:00

Berdeak gehiago izan ziren, final laurdenetako joaneko partiduan, eta emaitza onarekin ekingo diote bueltakoari, Zubipen. Euskal Ligan, berriz, galdu egin zuten Barakaldon (4-2). Mundarrok garaipena lortu zuen preferenteetan (1-3).

Larunbatean hasi zuen Hernanik, hirugarren mailara igotzeko bidea. Eta indartsu eman ditu aurreneko pausoak, gainera: 0-2 nagusitu zen Elgoibarren, bertako taldearen kontra, final laurdenetako joaneko partiduan.

Tentuz ekin zioten partiduari bi taldeek, baina hasierako oreka hautsi zuen Hernanik, ba­loiaren jabetza eskuratuta; eta oso aukera onak izan zituen, markagailuan aurrea hartzeko. Aurrena, Mancik ezin izan zuen aprobetxatu Manexen pase ona; segidan, Lizak kornerretik zuzenean egindako jaurtiketa ondo gelditu zuen atezainak; ondoren, Manexek egindako jaurti­keta gutxigatik joan zen kanpora; eta azkenik, Liza eta Ma­nexen jokaldi onaren ondoren, Bereziren jaurtiketa kornerre­ra desbideratu zuen defentsa batek. Elgoibarrek, berriz, aukera bakarra izan zuen, aurreneko zatian.

Bigarren zatian, gehiago sufritu zuten elgoibartarrek, beroaren eraginez; eta hernaniarren prestaketa fisiko ona geratu zen agerian. Pello eta Artxi zelairatu zituen Unai Munduatek, Berezi eta Manciren ordez; eta hortik gutxira iritsi zen aurreneko gola: Urzelayk pase ona egin zion Pellori, eta bere erdiraketa Manexek jaso zuen area barruan, aurreneko gola egiteko, 68garren minutuan. Etengabe erasoan ja­rraitu zuten berdeek, eta 89garrenean lortu zuten bigarren gola, Beñat Mendizabalek bikain ateratako kornerra aprobatxatu baitzuen Olivenzak. Horrela, emaitza onarekin ekingo dio Hernanik bueltako partiduari, larunbatean, 17:00etan Zubipen.

Euskal Ligan, berriz, galdu egin zuen Hernanik, Pauldarrak taldearen zelaian (4-2). Barakaldoko taldeari aurrea hartzeko aukera zeukaten berdeek, irabaziz gero; baina gehiago izan ziren bizkaitarrak.

Berdinketa lortu zuen Mundarrok larunbatean, Usurbilen, lau egunetan lau puntu lortzeko.


Lau egunetan lau puntu Mundarrok, etxetik kanpo

Partidu bat ez, bi jokatu zituen Mundarrok, joan den astean, erregional preferenteetan. Aste­azkenean 1-3 irabazi zuen Orio­ko liderraren zelaian; eta Usurbilen aritu zen larunbatean: 1-1 berdindu zuen, aste ona osatzeko. Aurreneko zatian, aukera garbi bana izan zuten bi taldeek, baina arrisku gutxiko jokaldi batean lortu zuen aurreneko gola, Usurbilek. Bigarren zatian, berriz, beroak eta nekeak eraginda, akatsak eta hutsuneak agertu ziren, eta gol aukera ugari izan zituzten bi taldeek. Luzapenera lortu zuen berdinketaren gola Mundarrok: Iraitzek egin zuen, buruz.

 

Olatz Santana hernaniarrak derbia jokatu zuen Realarekin

Ezustean egin zuen debuta Olatz Santana hernaniarrak, Realaren aurreneko taldearekin. Igandean izan zen, eta ez nolanahiko aurkariarekin: Athleticen kontrako derbia jokatu zuen Lezaman. Izan ere, Realeko hiru atezainak zeuden konfinatuta, eta Santana bigarren taldeko atezaina izanik, bera deitu zuten jokatzeko. Par­tiduan, Realak hartu zuen aurrea, 81garren minutuan, baina azkeneko lau minutuetan egin zion ihes garaipenak, bi gol jasota (2-1).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!