Bihar bukatuko da alarma egoera, ez luzatzea erabaki baitu Espainiako Gobernuak; eta horrekin batera, bertan behera geratuko dira, Covid-19aren aurrean hartutako hainbat neurri. Horien artean, bi dira zalaparta gehien sortu dutenak, aurreko egunetan: itxiera perimetrala, eta etxeratze agindua.
Euskal Autonomia Erkidegoan, biak geratuko dira indargabetuta bihartik aurrera, EAEko Auzitegi Nagusiak hala erabakita; Nafarroan, berriz, itxiera perimetrala ezabatzea erabaki du gobernuak, baina oraingoz indarrean jarraituko du etxeratze aginduak, behin behinean, epaileek horren gaineko erabakia eman bitartean.
Edonola ere, mugarik gabekoa izango da Urumea bailara, berriro ere. Alde bateko eta besteko itxiera perimetralak ezabatuta, Covid-19aren kontrako neurriek ezarri duten horma ikusezina desagertuko da bihar.
Auzitegi Nagusiak etxeratze agindua atzera bota ondoren, Eusko Jaurlaritzak gomendioa luzatu du, norberak gaueko mugikortasuna mugatzeko
Eusko Jaurlaritzaren hiru neurriak bota ditu atzera, Auzitegi Nagusiak
Atzo eman zuen bere erabakiaren berri, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak; eta baztertu egin zituen, Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi zituen hiru neurri nagusiak: etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara; EAEko zein udalerrietako itxiera perimetrala, eta bilkurak lau laguneko taldetara mugatzea. Auzitegiak ez ditu ontzat eman, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zituen hiru neurri murriztaileak.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren dekretuak neurri horiek ezarri nahi zituen, EAEn Covidaren ondoriozko kutsatzeen intzidentzia-tasa metatua 200 kasu baino gehiagokoa zen bitartean. Eta udal-perimetroaren itxitura mantendu nahi zuen, 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, baldin eta 400 kasu baino gehiagoko intzidentzia-tasa bazuten, eta 5.000 biztanletik beherako udalerrietan, «Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako parametroak gainditzen bazituzten».
Eusko Jaurlaritzaren asmoaren harira, Fiskaltzak txosten bat aurkeztu zion Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari, baina txosten hori ez zen loteslea. Bertan, autonomiaren eta herri udalaren perimetro-konfinamenduaren eta etxeratze-aginduaren aurka azaldu zen Fiskaltzak, adieraziz oinarrizko eskubideak urratzen zituztela, eta ezin zirela aplikatu alarma egoera indarrean egon gabe.
Bere autoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak honako hau dio: «gure egungo ordenamendu juridikoak ez du uzten autonomia erkidegoek, alarma egoeratik kanpo, oinarrizko eskubideak oro har murrizten dituzten neurri ez indibidualizatuak adostu ahal izatea».
Horren harira, auzitegiak ohartarazi duenez, «ezin da ahaztu oinarrizko eskubideen murrizketen interpretazioan zorrotza izan behar dela, ez boluntarista, eta ez da ahaztu behar osasun-krisi larri baten aurrean gaudela, eta horrek oinarrizko eskubideen neurri murriztaileak hartzea justifikatu dezakeela, modu abstraktuan. Baina zuzenbidearen arabera hartu beharko lirateke, bai horiek jasotzen eta ahalbidetzen dituen lege baten bidez, bai murrizketa horiei oinarri juridikoa emateko Konstituzioan aurreikusitako mekanismoen bidez, eta horiek aurreikusten dituzten bermeekin», gaineratu du.
Etxeratze agindua mantendu nahi du Nafarroako Gobernuak, baina auzitegiaren menpe dago erabakia; behin behinean indarrean egongo da bitartean
«Mugak jarri daitezke ostalaritza eta kirola bezalako jardunetan, eta botiloiak debekatuta daude»
Hala ere, «zenbait zehaztapen» egin ditu pertsonen mugaketari buruz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, «biltzeko oinarrizko eskubideari eragiten baitio, eta are gehiago espazio publiko eta pribatuen artean bereizketarik ez badago. Lehenik eta behin, baimenik ez emateak ez du esan nahi, egin den bezala, mugak ezarri ezin direnik ostalaritza edo kirola bezalako jardueren garapenean, horiek, berez, ez baitiete oinarrizko eskubideei eragiten», adierazi du.
«Bigarrenik, pertsonen bilkurak helburu zilegia izan behar du, eta ezin dira garatu araudi sektorialak debekatutako jarduerak, botiloiak adibidez», adierazi du Auzitegi Nagusiak, eta gogora ekarri ditu «osasun-arauetan ezarritako eskakizunak, hala nola maskarak erabiltzea edo urruntze soziala».
Herritarrek gaueko mugikortasuna mugatzeko gomendioa, Eusko Jaurlaritzak
Auzitegi Nagusiaren erabakiaren berri izan ondoren bildu zen LABIren batzordea, atzo arratsaldean, ezarriko diren neurri berriak zehazteko; eta agerraldia egin zuen Iñigo Urkullu lehendakariak ondoren, horien berri emateko. Hainbat neurri murriztaile sartuko dira indarrean bihar, eta beste hainbat gomendio eman dituzte, auzitegiak onartu ez dituen neurrietan. Horrela, itxiera perimetrala eta etxeratze agindua bertan behera geratu arren, herritarrei gomendatu diete gaueko mugikortasuna mugatzea, 23:00etatik 06:00etara bitartean. Era berean, lau lagun baino gehiagoko taldeetan ez elkartzea ere eskatu du.
Ostalaritzan eta kirol jardueretan ezarri ditu mugak, auzitegiak baimendu bezala. Edonola ere, 22:00etara luzatu du ostalaritza establezimenduen ordu muga. Baina, aldiz, gehienezko aforoa errespetatu beharko dute: barruko aldean, %50ekoa izango da, eta debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Gainera, lau lagun elkartu ahal izango dira gehienez ere, mahai bakoitzean, eta derrigorrezkoa izango da maskarillaren erabilera, kontsumitzeko garaian izan ezik.
Aforoa %50ekoa izango da kirol instalazioetan ere, eta %35ekoa aldageletan. Eta kirol jardueretan, ez da publikorik onartuko. Gainera, kirola kanpoan zein barruan egiteko, gehienez ere sei laguneko taldeetan elkartu ahal izango dira, eta eskola kirola baimendu duten arren, ezingo dituzte aldagelak erabili. Maskarillaren erabilera derrigorrezkoa izango da kirolean ere, lehiaketetan edo intentsitate altuko kanpoko kirol jardueretan izan ezik.
Joko aretoetan ere, %50ekoa izango da aforoa, eta 22:00etan itxi beharko dituzte. Elkarteak eta lokalak, berriz, itxita egongo dira, eta berdin gaueko aisialdirako establezimenduak ere.
Gune erlijiosoetan, bestalde, %35ekoa izango da aforoa, eta muga ezarri dute beilatokietan eta hiletetan ere: espazio irekietan 30 lagun gehienez, eta itxietan sei lagun gehienez.
Erabaki horiekin, dekretua gaur bertan argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), eta bihar jarriko da indarrean. Hala ere, baliteke puntu horietakoren bat Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian errekurritzea, joan den otsailean Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian zeuden herrietako taberna eta jatetxeak ixteko agindua eman zuenean gertatu zen bezala, eta auzitegiak neurri hori bertan behera utzi zuen azkenean.
Alarma egoera bertan behera geratzeak, eta EAEko Auzitegi Nagusiak atzo hartu zuen erabakiak, zuzenean eragiten diote Urumea bailarari. Bihartik aurrera, Hernanitik, Astigarragatik eta Ereñotzutik, Aranora eta Goizuetara joan daitezke gipuzkoarrak, eta alderantziz, Nafarroatik Gipuzkoara ere pasa daitezke nafarrak, Foru Gobernuak hala baimenduko duelako.
Itxiera perimetralik ez Nafarroan, eta etxeratze agindua kolokan
Edonola ere, Nafarroako egoera zertan geratuko den ere zalantzan dago. Maria Chivite presidenteak adierazi zuen, neurri murriztaileak arinduko dituztela, egoera epidemiologikoak hobera egin duelako Nafarroan. Alarma egoera indarrean sartzeak, etxeratze agindua eta itxiera perimetrala bertan behera utziko ditu, eta itxiera perimetrala berriro ezartzeari uko egin dio Nafarroako Gobernuak, baina etxeratze agindua mantendu nahi du.
23:00etatik 06:00etara mantendu nahi du etxeratze agindua Nafarroako Gobernuak, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren menpe dago hori. Etxeratze aginduaren gainean, bihar edo etzi bidaliko du baimen eskaera Nafarroako Gobernuak, eta epaileek ebazpena eman bitartean, indarrean egongo da etxeratze agindua. Hortaz, oraingoz behintzat, Nafarroan ezingo da kalean egon 23:00etatik 06:00etara, ez bada ohiko salbuespen kasuetan. Gainera, Chivitek berak nabarmendu du, Nafarroako itxiera perimetrala babestu zuela auzitegiak lehen, alarma egoerarik gabe ere; eta horregatik, uste dute, orain ezarri nahi dituzten neurriak ere ontzat emango dituela, etxeratze agindua barne.
Deseskalatzea, ostalaritzan: maiatzaren 17tik aurrera, barruko aldea zabalik
Ostalaritzari eta merkataritzari dagokionez, berriz, hainbat neurri hartu ditu Nafarroako Gobernuak, eta deseskalatzea iragarri du. Oraingoz ezingo dute barruko aldea ireki, eta terrazetan bakarrik hartu ditzakete bezeroak, baina maiatzaren 17an aldatuko da hori: baldintza batzuekin, barruko aldea zabaltzeko aukera izango dute ostalaritza establezimenduek, eguerdiko 12:00ak arte. Gainera, egun horretatik aurrera, bazkariak eta afariak emateko aukera izango dute gaueko 22:00ak arte, baina aldez aurretik beteta ardura deklarazio bat eta fitxa tekniko bat.
Edukierari dagokionez, aforoa ezabatuko da, eta horren ordez, segurtasunezko distantzia tartea mantentzea izango da irizpidea: metro bat bezeroen artean, eta bi metro mahaien artean. Hori bai, gehienez ere sei lagun elkartu ahal izango dira, mahai bakoitzaren bueltan.
Merkataritzari dagokionez, berriz, saltoki gune haundien aforoa haunditu du Gobernuak, eta %40koa izango da gehienez ere, aurrerantzean. Gainera, ordu mugak ezabatu dituzte, eta beraz, pandemiaren aurreko ohiko ordutegian zabaldu ahal izango dituzte