«Jende oso ona dago toki guztietan; zu haientzat aberatsa izan arren, daukatena ematen dizute»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 8a, 00:00
Asier Arroita, Marta lagun gasteiztarrarekin, bidaiaren momentu batean, Nepalen. Argazkia: 'txiribuelta.eus'

Hong Kongetik bizikletan abiatu, eta zazpi hilabeteko bidaia egin zuen Asier Arroita ortuellarrak. Argazkitan jaso zuen bidaia, eta Hernani eta Astigarragan kontatuko du etzi, Zilegi Eskolen barruan: 09:30etan eta 14:30etan Biterin, eta 18:00etan Astigarragako AEKn.

Nondik zetorren, bidaia hori egiteko asmoa?

Beti izan dut gustuko bidaiatzea, baina lanagatik edo beste konpromiso batzuengatik, ez dut inoiz izan aukera bidaia luzeak egiteko. Urtero bidaiatzen dut, hilabete batez edo bi hilabetez, normalean bizikletarekin. Eta ahal izanez gero, beste herrialde batzuetara, Asian, Afrikan edota Ertamerikan. Eta 2019an, suertatu zitzaidan karanbola txiki bat, eta aukera izan nuen bidaia luze bat egiteko. Asmoa zen Hong Kongetik Ortuellara etortzea, baina pandemia dela eta ezin izan nuen osatu.

 

Bide erdian utzi behar izan zenuen, hortaz?

Bai. Iazko apirilean, Pakistanera iris­teko egun pare bat falta genituela, Indian eztanda egin zuen koronabirusaren kontuak. Eta berez nahiko herrialde gogorra da, osasun kontuei dagokienez ez da batere herrialde segurua. Konfinatu egin gintuzten, eta ikusi nuen ezin nuela bidaiatu, nik nahi dudan moduan: jendearekin harremanetan, kulturak ezagutzen... Beste bidaia mota bat izango zen, eta hori ez nuen nahi. Gainera, Espainiako enbajadak esan zigun, hegaldi bakarra jarriko zuela Indiatik Espainiara bidaiatzeko: New Dehlira ailegatu zitezkeen horiek, hegazkina hartzeko aukera izango zuten, eta gainerakoek ez. Zorionez, gu ez geunden handik oso urruti, eta lortu genuen iristea.

Zenbat hilabete zeneramazkien, ordurako?

Nik zazpi hilabete lehenago hasi nuen bidaia, bakarrik. Eta ondoren, Gasteizko lagun bat, Marta, elkartu zen nirekin, Tailandia inguruan zebilela eta. Bost hilabete egin genituen elkarrekin. Eta bukaeran, beste gasteiztar batekin elkartu ginen Indian.

 

Zein zen hasierako plana?

Plana zen Hong Kong eta Ortuella lotzea bizikletarekin, hegaldirik eta, ahal zen neurrian, garraiobiderik hartu gabe. Tarteka tren edo autobusen bat eta barkuren bat hartu behar duzu, arazo mekanikoak dauzkazula­ko edo itsaso bat zeharkatu be­har duzulako. Ez neukan zehatz planifikatuta nondik etorriko nintzen. Banekien hainbat toki espreski zeharkatu eta ezagutu nahi nituela, bereziki Pakistan eta Karakorum ingurua. Baina ez nintzen horraino iritsi. Bidaia nahiko lerro zuzenean egin nahi nuen, baina hasi nintzen herrialdeak eta jendea ezagutzen, eta Hong Kongetik Indiara egin nituen 10.000 kilometro inguru. Berez askoz ere zuzenago egin daiteke, baina horrela herrialde gehienak ezagutu nituen. Egunetik egunera erabaki dut zein toki ezagutu, non egin lo... Egunean zehar aukera berriak sortzen zaizkizu, eta ez duzu betetzen planifikatutakoa. Bidaiatzea baino, vagabundeatzea izan da. Inoiz ez dakizu zehatz, non egingo duzun lo, non bazkaldu, zer egingo duzun... Ahal nuen tokian bazkaltzen nuen, baina normalean kaleko postuetan prestatutako janaria erosita, oso merkea delako. Eta lo egiteko, kanpin denda muntatzen nuen bide bazterren batean ezkutatuta, edo tenplu batean lotarako lekua eskatu. Tenplu budista edo hinduistetan, normalean eskaini egiten dizute tokia.

 

Argazkilaritzatik ere bazuen bidaiak, ezta?

Aspaldi ikasi nuen argazkilaritza, eta beti ibili naiz lan batzuk egiten. Baina azkenaldian apur bat utzita neukan; eta bidaia bazen aitzakia, berriro horri heltzeko. Txiribuelta.eus bloga sortu nuen, familiarekin eta lagunekin partekatzeko, ikus zezaten zer egiten nuen. Euskeraz idatzi nuen, nahiz eta amak ez dakien euskeraz, nire ilobek amonari itzuli eta kontatu ziezaioten.

 

Zer izan da gehien harritu zaituena?

Txinak oso gauza harrigarriak dauzka, kontraste haundia dauka gure kulturarekin. Komunikazioa ere ez da batere erraza, ingelesa ez baitute deus ere erabiltzen. Gazteek mugikorretan erabiltzen dituzte itzultzaileak, eta horrekin elkar ulertu dugu pixka bat. Baina bestalde, ikuspegia daukagu txinatarrak oso serioak direla, eta justu kontrakoa da: oso atseginak dira, oso irekiak eta abegitsuak; eta oso ondo moldatzen nintzen beraiekin. Bestetik, Myanmar estatu kolpea pairatzen ari da orain, baina inoiz ezagutu dudan herrialderik atseginena da. Bertako jendea da oso jatorra, oso atsegina, eta beti daukate irribarrea ahoan. Norbaiti begiratu, eta egiten duten aurreneko gauza da irribarre egin; eta hortik aurrera, zerbait eskatzen baduzu, jasoko duzu eskatutakoaren bikoitza.

Aldiz, Bangladesh izan da bisitatu ditudan herrialdeetan txarrena. Gainpopulatua dago, kutsadurarekin izugarrizko arazoa daukate, eta ura beltza da toki guztietan. Gainera, gelditzen zaren bakoitzean jendeak inguratu egiten zaitu, eta gauza harrigarria da, espazio pertsonalarena ez dute ulertzen guk bezala: jartzen dira 70 pertsona zuri begira, ezer esan gabe. Hori nahiko inpaktantea da. Eta ezin genuen kanpin denda jarri ia inon, jendeak inguratzen gintuelako eta ez zirelako sekula joaten. Oso bisitari gutxi jasotzen dituzte, eta eskaintza turistikorik ere ez dago bertara.

 

Zer ikasi duzu bidaia honetan?

Gauza asko. Lehenik eta behin, nire buruarekin egoten, bakardadean. Hong Kongen zein Txinan, komunikatzeko au­kera gu­txi daukazu. Bi hila­betez egon nin­tzen nire burua­rekin bakarrik, eta bukatu nuen bizikletarekin hizketan. Eta ika­si dut, era berean, jende oso ona dagoela munduko toki guz­tie­tan. Irakur­tzen dugu ze gauza txarrak ger­tatzen diren munduan, baina nik bidaia guztietan ezagutu dut jende atsegina eta jatorra, beti la­guntzeko prest dagoena. Bida­ia­riak izanda, gu aberatsak gara haientzat, eta hala ere, beraiek eskaintzen dizute daukatena. Zu­ri ematen dizute janari onena, eta ez dizute ezezkorik onartzen, nahiz eta ez duzun behar. Deso­reka hori nahiko gogorra da. Umeak daude sei edo zortzi urte­rekin baratzean lanean; eta zu pasatzen zara zure bizikletare­kin, zuk gainean daramakizunarekin beraiek bi edo hiru urte biziko lirateke, eta hala ere, daukatena eskaintzen dizute. Eskuzabaltasun hori orain ez daukagu hemen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!