Hodei Expositok lau t'erdiko Gipuzkoako txapela nahi du

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 8a, 00:00
Hodei Expositok bihar jokatuko du finala Donostian.

Aurrelari astigartarrak bihar jokatuko du finala Atanon Lapkeko Senarren aurka.

URUMEA  ESKU PELOTA

Gipuzkoako Lau t'erdiko txapelketaren finalak bi asteburutan jokatzen ari dira eta bihar amaituko dira. Gainera finalik garrantzitsuena jokatuko da eta bertan Mundarroko Hodei Exposito astigartarra txapelaren bila aterako da.

Nagusien lehenengo mailan Lapkeko Senar izango du aurrez aurre eta Eñaut Lizeagak, bere taldekideak bezala txapela Astigarragara ekartzen saiatuko da. Hori Atanon, Donostian izango da, 11:00etatik aurrera.

Beste astigartar batek ere txapela nahi du kadeteen bigarren mailan. Xuban Goñik, jaialdi berean, Bergarako Lazpiurren aurka jokatuko du.

Bestetik, C.D. Hernaniko pelotariek bederatzi partidu jokatuko dituzte asteburu honetan, bakarra da garrantzitsua azken sailkapenerako, baina azpimarratu behar da jardunaldi honetan bi txapelketa ofizial garrantzitsutan parte hartzen hasiko direla klubeko pelotariak.

Euskal Herrikoan Hernani, Mundarroren kontra

Asteburu honetan hasiko da Euskal Herriko binakako txapelketa. Bertan, lurralde mailan sailkatutako onenek jokatzen dute eta lehenengo mailan bailarako pelotarien arteko partidua egongo da.  Gaur 16:00etan Hernanin jokatuko dute lehen partidua, Hernaniko Ojuelek eta Lizeagak Astigarragako Mundarroko, Loidi  eta Santxezen aurka.

 

Espainiako Trinkete txapelketa ere hasiko da

Gipuzkoako txapelketa bukatzeko denborarik gabe, bihar Espainiako Trinkete Txapelketa hasiko da.  Denboraldiko txapelketarik garrantzitsuena da modalitate honetan, C.D. Hernanik eskuz binakako, seniorren lehenengo mailako bi talde apuntatu ditu eta biek Mendillorriko trinketean jokatuko dute.

Bihar 10:00etan, Mikel Lasak eta Aitor Aldunberrik Besagain Ultzamako taldearen aurka jokatuko dute. 11:00etan aldiz, Ibai Bengoetxeak eta Unai Alvarezek Errioxako Pradejon taldearen aurka jokatuko dute.

Azkenik Umore Onako pelotariek, Nafarroako Kirol Jokoen barruan partidu ugari jokatu zituzten atzo. Gaur eta bihar artean lau partidu izango dira Leitzan, Iruñean, Arbizun eta Goizuetan. Mendialdeko txapelketan gaur Goizuetan 17:00etan, Legarretak jokatuko du kadete mailan, Larraungo Goikoetxearekin bikote eginez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!