Lau gizon atxilotu ditu Ertzaintzak, joan den urtean hiru enpresetan sua pizteagatik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 6a, 00:00

Traktorea erreta, nahita eragindako sute baten ondorioz. Argazkia: Ertzaintza

Apirilaren 20an eta 21ean lau gizon atxilotu zituzten, joan den urtean Hernaniko eta Astigarragako zenbait enpresetako makinei su emateagatik. Antza, talde kriminal bateko kide dira. Orain, guztiak aske utzi dituzte, karguekin. 

Joan den urtean, Astigarragako eta Hernaniko hiru enpresetan sutea izan zen; eta, ondorioz, bertako makina eta lanerako material ugari erre ziren. Jakitera eman denez, denera, erretako guztiaren estimazioa milioi eta erdikoa da. Gertaerak, gainera, oso segidan izan ziren: lehena, 2020ko otsailaren 26an; bigarrena, martxoaren 2an; eta, azkena, berriz, martxoaren 15ean. 

Lau gizon atxilotu zituzten

Orain, urteberen ondoren, kasua zertxobait argitu dela dirudi. Hain justu ere, joan den apirilaren 20an eta 21ean, Ertzaintzak lau gizon atxilotu zituen Urnietan eta Andoainen. Antza denez, atxilotua izan zen gizonetako bat beste gizon batekin jarri zen harremanetan, azken horrek erasoak egiteko. Horren onarpenaren ostean, egile baiezkoa eman zuen gizonak beste hainbatekin egin zuen kontaktua; eta guztira, lau pertsonaren artean egin zituzten erasoak. Horiek izan ziren, hain justu ere, suteen egile materialak.

Bestalde, erasoak lau pertsonaren artean egin bazituzten ere, Ertzaintzak bost gizon atxilotu zituen, eta gero aske utzi zu­en horietako bat. Gainera, adierazi dutenez, seigarren pertsona baten ibilbidea ikertzen ari dira. Donostiako eta Tolosako epaitegietan aurkeztu dute kasua, eta orain, aske utzi dituzte lau atxilotuak, karguekin. Egotzi dizkieten delituak izan dira  batetik, suteen bidezko kalteak egitea eta; eta, bestetik, talde kriminalbateko kideak izatea.

Hiru suteetan, diotenez, modus operandi bera erabili zuten delitugileek. Nahita eragindakoak direla zehaztu dute ikertzaileek, izan ere, suteak izan ziren lekuetan hori baieztatzen zuten hainbat proba topatu zituzten. Besteak beste, botilak gasolinen arrastoekin eta barbakoa egiteko pastillak, hiru suteak pizteko; edota, horiez gain, hiru enpresetan aurki dituzte guanteak eta ura sartzeko jostailuzko pistolak, ustez erregaia instalazioetako ibilgailuen eta makinen artean zabaltzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!