Antzerkiak, solasaldiak, azokak eta beste asko, hilabete honetako kultur agendetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 5a, 00:00

'Botadun katua' antzerkia aurkeztu zuten Erriberan.

Astigarragako eta Hernaniko Udalek plangintza zabala antolatu dute maiatzerako. Hilabete osorako ekintzak prestatu dituzte haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat. Aste honetan, ipuin ordua, antzerkia eta hitzaldiak izango dira. 

Aspertzeko unerik ez da izango ez Astigarragan, ez Hernanin, hilabete honetako kultur agendekin. Hain justu ere, egitarau zabala antolatu dute bi herrietan, eta herritar guztiek izango dute ekintzetan gozatzeko aukera. Haurrei, gazteei zein helduei zuzendutako egitekoak prestatu dituzte: antzerkiak, literatur solasaldiak, zinea, azokak eta abar. Horrez gain, aurreko hilabeteen antzera, erakusketak ere izango dira oraingo honetan ere.

Esanak esan,  jada eman diete hasiera kultur agendei, eta ederki asko aritu dira egindako saioetan, gainera. Hernanin, atzo, emakumeen euskal literatura mintegia izan zen Biterin, Kattalin Minerren eskutik. Horrekin batera, gazteak integratzeko zailtasunei buruzko hitzaldia ere izan zen kultur etxean, Bouchra Baghdadi eta Zakaria hizlariekin. Bere aldetik, Astigarragan haur antzerkia izan zen igandean, Erriberan.

 

Ipuin ordua eta musika emanaldia, bihar

Aste honi dagokionez, Hernanin, Zehar musika emanaldia izango da bihar,  Biterin; zuzeneko musika, dantza garaikidea, antzerkia eta bideoa uztartuko dituzte oholtza gainean. Astigarragan, berriz, ipuin ordua izango da bihar. Lur Korta arituko da ipuin kontalari lanetan, eta hitzordua liburutegian izango da. Bi saio egingo dituzte: lehena, 17:00etan; eta bigarrena, berriz, 17:45etan. 4 urtetik gorako umeentzat zuzendutako ekintza da eta antolatzaileek aurreratu dutenez, beharrezkoa izango da haurrek maskarilla jartzea eta gurasorik gabe egotea. Denera, hamabosna haurrentzako aforoa egongo da, saio bakoitzean.

Aipatutakoez gain, egun bereziak ere markatu dituzte egutegian. Astigarragan, urtero moduan, San Isidro eguna ospatuko dute hilaren 15ean. Goizeko 09:45etan prozesioa izango da  Foru plazan; eta, ondoren, 10:00etan, Baserritarron lagun ekitaldia. Amaitzean, meza izango da 10:30etan.  Hernanin, 35garren  txalaparta festa izango da hilaren 28an, Biterin. Joan den urtean, koronabirusa zela eta, bertan behera gelditu behar izan zuten bi ospakizun horiek; aurten, aldiz, egungo egoerara moldatuta eta osasun neurriak beteta, baina posible izango da ekintzak egitea.

 

Museoen nazioarteko eguna

Hilaren 18a ere berezia izango da Astigarragan. Museoen nazioarteko eguna denez, Sagardoetxera dohainik bisitatzeko aukera eskainiko dute bertakoek. Aurtengo leloa Museoen etorkizuna: berreskuratu eta berrasmatu izango da, eta hauxe izango da museoa bisitatzeko ordutegia: goizez, 11:00etatik 13:30etara; eta, arratsaldez, 16:00etatik 19:30etara. Horrekin batera, aukera izango da museoko bisita online egiteko ere; alegia, herritarrek beraien telefono mugikorrarekin bisitatu ahal izango dute Sagardoetxea, bisitariek eduki interaktiboetara sarrera izango baitute. Sagastia, museo-gunea eta dastalekua ezagutuko dituzte bertaratzen direnek.

 

Astigarragako kultur agenda

 

6 Ipuin ordua, 17:00 eta 17:45,  liburutegian.

8 'Ave oso' antzerkia, 19:00, Erriberan.

10 Zilegi Eskola: 'Txiribuelta: Hong Kongetik etxera bizikletaz diaporama', 18:00, AEKn.

11 Irakurketa kluba, 19:30,
liburutegian.

15 San Isidro jaia, Foru plazan:

09:45 prozesioa
10:00 'Baserritarron lagun'      ekitaldia
10:30 meza

15 Bigarren eskuko azoka, 11:00-14:00 eta 16:30-19:30.

18 Museoen nazioarteko eguna, 11:00-13:30 eta 16:00-19:30,
Sagardoetxean.

21 Haurrentzako ginkana, 17:00, Kontxa Etxeberria plazan.

22 'Kranston ikastetxea' filma, 17:00, Erriberan.

24 Literatur solasaldia: 'El huerto de Emerson' (Luis Landero), 19:30, liburutegian.

29 'Dardara' Berri Txarrak taldearen dokumentala, 19:00,  Erriberan.

 

Hernaniko kultur agenda

 

6 'Zehar' emanaldia, 19:00, Biterin.

10 Zilegi Eskola: 'Txiribuelta: Hong Kongetik etxera bizikletaz diaporama', 09:30-11:30 eta 14:30-16:00, Biterin.

12 Literatur solasaldia: 'Mejor hoy que mañana' (Nadine Gordimer), 19:15, Biterin.

15 Lore eta landare azoka, Urbieta kalean.

18 Jardunaldia: 'Herri mugimenduetatik herri boterera', 19:00, Biterin.

18 Literatur solasaldia: 'Turista klasea' (Kattalin Miner), 19:00, liburutegian.

19 Laburbira: film laburren emanaldia, 18:30, Biterin.

22 Haur antzerkia: 'Italino Gran Hotel', 12:00, Biterin.

25 Ipuin kontaketa: Ixabel
Agirresarobe, 17:30 eta 18:15.

25 Jardunaldia: 'Hernanin esperimentatu al daiteke demokrazia komunala?', 19:00, Biterin.

27 Musika emanaldia:
Mice&Lenoir, 19:00, Biterin.

28 35. txalaparta festa, Biterin.

29 Jardunaldia: 'Herri formakuntza herri mugimenduentzat', 10:00, Iturola.

ERAKUSKETAK

4-19 'Poesia birtuala', Itziar Lamuedra, Biterin.
24-29 Eskoletako haurrek ingurumenari buruz egindako lanen erakusketa, Biterin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!