Eñaut Lizeaga txapeldun jubenilen lau t'erdiko txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 4a, 00:00

Eñaut Lizeagak bere anaia Ekaini eskaini zion txapela.

Mundarroko pelotari astigartarrak finalean Atanon, 22-18 irabazi zion Zubizarreta ataundarrari.

Eñaut Lizeaga astigartarra Gipuzkoako txapeldun geratu zen pasa den  igandean jubenilen lau t'erdiko txapelketan. Partidu borrokatu eta lehiatu batean Lapke taldeko Zubizarreta ataundarra menderatu zuen 22-18.

2004an jaiotako Lizeagatarren anai gazteak txapelketa bikaina osatu du eta finalean ere sendo aritu zen. Final ostean txapela bere anaia Ekaini eskaini zion, ezin izan baitu txapelketa osatu lesio bat medio.

 

Hodei Exposito eta Xuban Goñi finalera sailkatu dira

Mundarroko pelotarientzat asteburu oparoa izan da. Ostiralean Hodei Expositok finalerako txartela lortu zuen lau t'erdiko Gipuzkoako txapelketako maila nagusian. Astigarragako pelotariak 22-15 menderatu zuen Abanztu taldeko Odriozola.

Xuban Goñik finalerako txartela kadeteetan lortu du, bigarren mailan. Larunbatean Oiartzunen, 22-20 garaitu zuen Oiarpeko Aranburu. Beraz, beste  bi txapel lortu ditzakete astigartarrek.

 

Uitzik eta Oiartzabalek, kontsolazioko finalak irabazi

Hernaniko pelotariek kontsolazioko bi final irabazi dituzte, asteburu on batean. Lehenengo mailako jubeniletan, Anartz Oiartzabalek 22-20 irabazi zion Arrillagari (Gazteleku) Andoainen jokatutako finalean. Lehenengo mailako seniorretan, Xabier Salaberriak 22 eta 10 galdu zuen Amianoren (Tolosa) aurka Beasainen jokatutako finalean eta bigarren mailako seniorretan, Unax Uitzik 22 eta 7 irabazi zuen Atxaren (Alde Zaharra) aurka Donostian.

Gipuzkoako Trinkete Txapelketan, Arluziaga-Apaolaza gazteek 40-20 irabazi zuten berriro Behar Zana (Villabona) taldearen aurka eta finalera partidurik galdu gabe sailkatu dira. Aldunberri-Alvarez seniorrek 40-26 irabazi zuten Huizi- Urruzolaren (Pagazpe) aurka lehenengo partidu erabakiorrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!