Bihar jarriko diete txertoaren bigarren dosia, 70 urtetik gorako aranoar eta goizuetarrei

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 3a, 00:00

66 eta 67 urtekoek, berriz, etzi jasoko dute aurreneko dosia; eta hilaren 11n, 68 eta 69koek. Leitzako kiroldegian izanen dira txertaketak.

Txertaketarekin aurrera jarraitzen du Nafarroako osasungintzak, eta datozen egunetan izanen dituzte hitzorduak, txertoa jasotzeko, Aranoko eta Goizuetako adinekoek. Leitzako kiroldegian jarriko diete denei, Leitza eta Aresoko adinekoekin batera.

Horrela, bihar bertan jasoko dute txertoaren bigarren dosia, 70 urtetik gorakoek; apirilaren 13an lehenengoa jaso zutenek. Aurreko aldiko ordu berean izanen dute hitzordua, eta atzo bidali zieten mezua telefono mugikorrera, gogorarazteko.

66 eta 67 urtekoek, berriz, etzi jasoko dute txertoaren aurreneko dosia. Nafarroako Gobernutik deituko diete telefonoz, hitzordua emateko. Eta laster jasoko dute aurreneko dosi hori, 68 eta 69 urtekoek ere: maiatzaren 11n daukate hitzordua. Haiei ere, Gobernutik deituko diete, txertaketa zer ordutan izanen duten jakinarazteko.

Era berean, ohartarazi dute, aurreko txandetan norbati geratu bazen txertatu gabe, osasun etxera deitu dezakeela, eta txertoa jartzea eskatu.

80 urtetik gorako herritarrek, bigarren dosia ere jaso dute dagoeneko, Aranon, Goizuetan, Areson eta Leitzan. Eta 60 urtetik gorako hainbat herritarri, aurreneko dosia jarri zieten apirilean. Orduan eman zituzten datuen arabera, lau herrietako biztanleen %25ak hartua zuen, gutxienez, txertoaren aurreneko dosia. Gehiago izanen dira, datorren astetik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!