Eñaut Lizeagak jubenil mailako lau t'erdiko finala jokatuko du bihar Lapkeko Zubizarretaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 1a, 00:00

Atanon jokatuko dira finalak bihar, 11:00etatik aurrera, eta Nagusien bigarren mailan Uitzi, Alde Zaharreko Atxaren kontra neurtuko da.

Gorabeherak gorabehera, eskuz banaka lau t'erdiko Gipuzkoako Txapelketa ere jokatzeko aukera izan da azkenean. Hain zuzen ere, ostiraletik bihar arte, final ia gehienak jokatuko dituzte lurraldeko frontoi ugaritan. Honela, jubenilen Gipuzkoako finalean Eñaut Lizeaga astigartarrak bihar jokatuko du Donostiako Atano frontoian, 11:00etan hasiko den jaialdian Lapke taldeko Zubizarretaren aurka. Atzo ilunabarrean, Hodei Exposito finalerdia jokatzekoa zen, Astigarragan nagusien mailan Abantzuko Odriozolaren kontra. Irabaziz gero finala Lapkeko Senar edo Ruiz de Larramendiren kontra izango da.

Hernaniko pelotariak final garrantzitsuetan sailkatu ezin izan diren arren, horietako hiruk kontsolazio faseko finalak jokatuko dituzte. Lehen mailako jubeniletan, bihar 11:00etan Andoainen, Anartz Oiartzabalek Arrillagaren (Gazteleku) aurka jokatuko du.

Senior bigarren mailan, bihar, 11:30ean, Donostiako Atano pelotalekuan, Unax Uitzik Atxaren (Alde Zaharra) aurka jokatuko du. Nahiz eta pelotari hernaniarra oraindik gazte mailakoa izan, faborito izango da final honetan. Atzo Beasainen, lehen mailako seniorretan, Xabier Salaberriak Amianoren (Tolosa) aurka jokatu zuen.

Mundarroko Goñik ere Oiarperen aurka jokatuko du Oiartzunen gaur, finalerdia, kadete mailan.

 

Trinkete eta Udaberri Txapelketak

Irurako trinketean gaur arratsaldean, Arluziaga-Apaolaza gazteek Behar Zana (Villabona) taldearen aurka jokatuko dute. C.D.Hernaniko bikotea sailkatuta dago Gipuzkoako finala jokatzeko eta partidu hau irabaziz gero partidurik galdu gabe sailkatuko dira.

Bihar 10:30etan, Iruran, Aldunberri-Alvarez seniorrek Huizi-Urruzolaren (Pagazpe) aurka jokatuko dute. Partidu zaila daukate, baina irabazi egin beharko dute jaitsieraren promozioa saihestu nahi badute.

Asteburu honetan hasiko da Gipuzkoako federazioak antolatutako Udaberri Txapelketa ofiziala. C.D.Hernanik guztira lau bikote apuntatu ditu txapelketa jokatzeko; bat senior mailan eta hiru kadeteen mailan.

Deskarga-Manterola 1. mailako kadeteek eta Txintxurreta-Elizazu 2. mailakoek, Hernanin jokatuko dute bihar kiroldegian 11:00etan eta Urkizu-Labaka 1. mailako seniorrek, Zestoan jokatuko dute gaur goizeko 09:30etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!