Hodei Lujanbio nagusi, San Markoseko proban

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 29a, 00:00

Hodei Lujanbio eta Ibai Alba, igandeko lasterketan. Argazkia: Club Atlet. Renteria

57:52 denborarekin irabazi zuen mendi lasterketa, goizuetarrak. Ibai Alba hernaniarra izan zen hirugarren. 

San Markos mendi lasterketa jokatu zen igandean, Errenterian; eta bertan izan ziren Urumea bailarako hainbat korrikalari, baita protagonista izan ere: Hodei Lujanbio goizuetarrak lortu zuen garaipena, eta hirugarren postuan sailkatu zen Ibai Alba hernaniarra.

57:52 denboran osatu zuen Lujanbiok 13,7 kilometroko ibilbidea, 560 metroko desnibel positiboarekin. Ibai Albak, berriz, 1:00:54 denboran gelditu zuen kronometroa. Osasun neurriengatik, talde txikitan abiatu ziren korrikalariak, eta beraz, erlojuaren kontrako proba balitz bezala osatu behar izan zuten ibilbidea, gainerakoek zein denboran bukatzen zuten jakin gabe. Lujanbio eta Alba, dena den, elkarrekin abiatu ziren, talde berean, batak bestearen erreferentzia zuela.
Beste hernaniar bat ere sailkatu zen aurreneko postuetan: 8garren izan zen Xabat Pagola, 1:04:21 denborarekin.

Guztira, 149 korrikalari abiatu ziren, eta horietatik 146k bukatu zuten lasterketa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!