Material «berritzailea», haur eta gaztetxoetan indarkeria sexista prebenitzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 27a, 10:07

Pausso proiektua jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2020ko Aurrekontu Irekietan herritarrek hala aukeratuta. Ikus-entzunezko materiala da, adin tarte ezberdinetara egokitutakoa.

Haur eta gaztetxoen artean indarkeria sexista prebenitzeko, ikus-entzunezko «material berritzailea» sortu eta argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pausso proiektuaren baitan. 6 eta 14 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta adin tarte bakoitzerako, material ezberdina sortu du: 6-8 urtekoentzat, marrazki bizidunetako bideo bat; 8-10 urtekoentzat, bideo-joko bat; 10-12 urtekoentzat, ikus-entzunezko bat; eta 12-14 urtekoentzat, webgune bat eta mugikorrerako aplikazio bat. «Lurraldeko hezkuntza sarearen eta hezitzaileen eskura» jarri du materiala Aldundiak, eta webgune honetan dago eskuragarri: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/berdintasuna/pausso.

2020ko Aurrekontu Irekietan aukeratu zuten proiektu hori herritarrek, eta Pausso izenburupean, «haur eta gaztetxoen garatze une ezberdinetara egokituta» sortu ditu baliabideak, «bakoitza bere gida didaktiko berezituarekin». 

Aurreko astean aurkeztu zuten proiektua, Eider Mendoza foru diputatuak, Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendariak, eta Ilazki Gainza Kalaka kooperatibako kideak. Gainzak prestatu du materialaren diseinua.


Lau ezaugarri nagusi, materialak

Aurrekontu Irekietan herritarrek markatutako helburuak gauzatzeko asmoz, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa elkarlanean aritu da Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako zuzendaritzarekin, nahiz Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaritzarekin. Gainera, edukien garapena lantzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunean, indarkeria sexistaren prebentzioan eta ikus-entzunezko alorrean adituak diren hainbat pertsonekin lan taldea osatu da. Guztien ekarpenak kontuan izanda, Kalaka kooperatibak gauzatu du egitasmoa, eta honako ezaugarriak nabarmendu daitezke:

  • Prebentzio goiztiarra lehenetsi da. Indarkeria sexistaren prebentzio lantzeko nerabeekin lanean aritzea da arruntena, horregatik gazteenentzako edukiak ekoizteko erronka hartu zen: 6-14 adintarteko haur eta nerabeak dira Paussoren hartzaileak.
  • Garatze-une ezberdinetara egokitzen diren lau ikus-entzunezko ezberdin gauzatu dira: animaziozko bideo bat, 6-8 adin tarterako; bideo-joko bat, 8-10 adin tarterako; bideo bat, 10-12 adin tarterako; eta mugikorrarentzako aplikazioa bat, 12-14 adin tarterako.
  • Ikus-entzunezko guztiek haur eta gazteekin lan-dinamikak gauzatzeko tresna bat izan nahi dute. Baliabide bakoitzari lotuta, dagokion hezkuntza gida pedagogikoa ain argitaratu da, baita ere.
  • Indarkeria sexista lantzeko ikuspuntu feminista du oinarri, horrek esan nahi du, indarkeria sexista emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdinkerian kokatzen dela. Beraz, indarkeria sexista prebenitzeko, egitura horiek, rolak eta estereotipoak desikasi egin behar dira eta eredu berriak ikasi.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!