Apirileko Plenoak egingo dituzte gaur, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 27a, 00:00

Udaletxean bertan egingo du Plenoa Astigarragako Udalak, gaurkoan ere.

Telematikoki egingo du Hernaniko Udalak, eta pleno aretoan Astigarragakoak, biek ere 19:00etan hasita.

Ohiko deialdian, gaur egingo du­­te apirileko Plenoa, Astigarra­gako Udalak eta Hernaniko Udalak. Arratsaldeko 19:00etan izango da bi kasuetan, baina telematikoki egingo dute Hernanin; eta udaletxeko pleno aretoan izango da, aldiz, Astigarragan.

10 puntu izango ditu lantzeko, Hernaniko Udaleko Plenoak. Horien artean daude, esaterako, hiribuseko zerbitzua esleitzea, eta udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren kontratua luzatzea. Zuzeneko dirulaguntzen aldaketa bat ere landuko dute Plenoan: Euskal Herrian Euskaraz elkarteari eta Korrika Kulturalari dagozkienak.

Ondoren, Plenora ekarriko dute Zerbitzu Sozialetako plantillaren eta langileen zerrendaren aldaketa; eta baita udal langileen lan baldintzen hobekuntza ere. Eta bukatzeko, mozio bat eztabaidatuko dute, Elkarrekin Podemos-Orain Hernanik aurkeztutakoa, «Hernaniko biztanleriak etxebizitza edukitzeko duen eskubidea defendatzeko».

Hiru mozio, Astigarragan

10 puntu izango ditu eztabaidatzeko Astigarragako Udalak ere. Hasteko, Astigarraga Lantzen SA sozietate publikoaren eta Sagardun Partzuergoaren 2020ko ekitaldiaren likidazioaren berri emango dute; eta ondoren, landa eremuan edateko ura hornitzeko sare primarioko eta sekundarioko azpiegituraz ariko dira. Bi kontratazio espediente ere izango dituzte gai ordenean: kale garbiketa zerbitzuarena; eta hezkuntza zein gizarte arloetako eskuhartzeari eta eskuhartze psikosozialari dagokiona.

Eta azkenik, mozioek hartu­ko dute protagonismoa. Hiru dauzkate eztabaidatzeko: mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kon­trolaren aldekoa, Euskal Ne­ka­zarien Batasunak (Enba) aurkeztutakoa; abeltzaintza eta otsoak batera izateko ereduaren aldekoa, Asociación grupo para la defensa y estudio del Lobo taldearena; eta frankismoaren biktimei buruzkoa, EH Bildurena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!