2020ko kontuak onartu eta aurtengo egitasmoak aurkeztu zituzten, Doberaren Batzar Orokorrean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 27a, 00:00
Biterin egin zuen urteko Batzar Orokorra Dobera Euskara Elkarteak, aurreko asteazkenean.

Bazkide batzuek desadostasuna azaldu zuten, Kronikaren webguneko PDF hemeroteka bazkide eta Kronikalarien esku soilik uztearen inguruan. Ezohiko batzar batean bozkatuko da, maiatzean.

Aurreko asteazkenean egin zuen urteko Batzar Orokorra, Dobera Euskara Elkarteak, Biterin. Bertan aurkeztu eta onartu zi­tuzten 2020ko balantzea eta 2021eko aurrekontua eta egitasmoak.

Joan den urteari errepasoa egin zioten aurrena. Eta horretan, nabarmena izan zen pandemiaren eragina, elkartearen egitasmoetan. Izan ere, bertan behera geratu ziren egitasmo batzuk, egokitu egin zituzten beste batzuk, baina berriak ere sortu zituzten. Gainera, egitasmoen azterketa egin zuen Doberak, bere egokitasuna eta eraginkortasuna baloratzeko. Eta azterketa horren ondorioz, erabaki zuen bi egitasmo antolatzeari uztea: Jolas eta Solas, ez zuelako euskeraren normalizazioan eragiten; eta Hala Bazan, eskolek bete beharko luketen espazioa delako hartzen zuena.

Bere egitasmoen erabiltzaileen be­­rri ere eman zuen Doberak: 1.906 erabiltzaile izan ziren guztira. Ene kantak kultur ekimenak bildu zituen gehien (600), eta partehartze haundia izan zen beste hainbat egitasmotan ere: motibazio saioak (300), Oporrak familian eta euskaraz (287), Bota bertsoa! (250), Hamaika Batuaz (202), Kromiki Lehiaketa (105)... Erabiltzaile gehienak izan ziren 12 urtetik beherakoak (935), 12-17 urtekoak beste 338, eta 18 urtetik gorakoak 633. Euskara Ari Duren erabiltzaileen berri ere eman zuten: 170 entitatek eta 2.506 herritarrek hartu zuten parte 2020an.

Webguneko erabiltzaileetan gorakada, Kronikak

Ondoren, Kronikaren urteari ere egin zioten errepasoa, Doberaren egitasmo nagusia izanik. 2020an, egunean 15.500 erabiltzaile inguru izan zituen Kronikak paperean, egunero batazbeste 4.419 ale banatuta; eta egunean batazbeste 1.364 erabiltzaile kronika.eus webgunean. Bereziki na­barmena izan da webguneko erabiltzaileen eta bisita kopuruaren gorakada. Urtea 2019ko antzeko datuekin hasi zuen, eta gorakada bat izan zen otsaileko datuetan; baina pandemiaren hasierarekin asko areagotu zen hori: martxoan 51.707 izan ziren (2019an baino 23.201 gehiago), eta apirilean 52.046 (2019an baino 22.092 gehiago). Gorakada hori mantendu egin zen hurrengo hilabeteetan ere, pixka bat behera egin arren; baina urte bukaeran gorakada haundia izan zuen berriro, ikusitako orrialdeetan bereziki: azaroan 177.801 izan ziren (2019an baino 70.690 gehiago); eta abenduan 159.982 (2019an baino 74.077 gehiago). Erabiltzaile gehieneko egunen berri ere eman zuten: 3.742 erabiltzaile izan ziren egun bakarrean, apirilean; eta 3.553 martxoko egun batean. 2019ko egun oneneko erabiltzaile kopurua bikoizu dute kopuru horiek.

Bestalde, aditzera eman zuten bezero kopurua. 337 bezerok jarri zuten publizitatea Kronikan 2020an, baina pandemiaren eraginez, aurreikusitakoa bai­no %16 inguru txikiagoa izan da fakturazioa. Eskela edo nekrologikoetan, bestalde, 299 izan ziren bezeroak. Nekrologikoetan izan da gorakada, 2020an: 587 argitaratu dira, 2019an baino %25 gehiago. Doberaren bazkideak, berriz, 551 dira une honetan, eta Kronikalariak 99.

Hori horrela, %38koa izan zen Kro­nikaren autofinantziazioa, joan den urtean; eta dirulaguntza publikoetatik eratorritakoa, gainerako %62a.

Doberaren eta Kronikaren diru kontuak aurkeztu eta azalduta, onartu egin zituzten: aldekoak izan ziren boto guztiak, boto txuri bat izan ezik.

Webguneko PDF hemerotekaren inguruko bozketa, maiatzeko ezohiko batzarrean

Batzarreko puntuen artean landu zuten, baita ere, Kronikaren webguneko PDF hemeroteka soilik bazkide eta Kronikalarien eskura jartzeko erabakia. Joan den urteko abenduan jarri zen PDF hemeroteka soilik bazkide eta Kronikalarientzat ikusgai, haiek erdigunera ekarri eta webguneari indarra emateko; baina horren inguruan desadostasuna erakutsi zuten zenbait bazkidek, batzarrean. Horregatik, ezohiko batzar bat deituko dute maiatzaren erdialderako, eta bertan erabakiko dute Doberako bazkideek, bozketa bidez, PDF hemeroteka zabalik egongo den irakurle guztientzat, edo soilik bazkide eta Kronikalarientzat.

Ezohiko batzarrera bitarte­an, orain arte bezala jarraitzea erabaki zuten (bazkide eta Kronikalarientzako bakarrik zabalik), aldeko 8 botorekin eta kontrako 5 botorekin; bi boto txuri izan ziren. Ezohiko ba­tzarraren aurretik, Kronikak emailez zein postaz helaraziko dizkie azalpenak bazkideei, PDF hemeroteka bazkide eta Kronikalarien esku soilik uzteari buruz.

Plan Estrategiko berriak martxan jartzeko urtea, 2021a

Ondoren, 2021 urteko aurrekontuak eta egitasmoak eman zituzten aditzera, Doberak zein Kronikak. Joan den urtean bezala, egitasmoak egokitu eta aldaketak egitea aurreikusi du Doberak, COVID-19ak eraginda; eta proposamen berriak ere izango dira: Gau Beltza, liburu azoka, nobela grafikoa, Burbunak eta Etsayak liburua...

Euskara Ari Du egitasmoari ere emango dio jarraipena, dinamizatzaile berriaren eskutik; eta aurtengoan, hainbat esparru landuko dituzte: aisialdia, merkataritza, enpresak, ahalduntze saioak...

2021 urtea, gainera, Plan Estrategiko berrituak martxan jartzeko urtea izango da. Aurrekoaren errepasoa eta balorazioa egin ondoren, 2021-2024 epealdirako Plan Estrategikoa prestatu du Kronikak. Eta Doberak ere, bere plan estrategikoa prestatuko du aurten, datozen urteetarako.

2020ekoak bezala, onartu egin ziren 2021eko aurrekontua eta egitasmoak ere, boto guztiak aldekoak zirela, boto txuri bat izan ezik.

Eta azkenik, jakinarazi zuten bere kargua utzi duela Doberako lehendakariordeak, arrazoi pertsonalengatik. Kide berri baten bila ari da Dobera, orain. Edonola ere, egungo zuzendaritza batzordearen aurreneko urteko kudeaketa onartu zuten bazkideek, Batzar Orokorrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!