Emaitza onak lortu dituzte asteburu honetan, oro har, eskualdeko pelotariek. Mundarroko Eñaut Lizeaga eta Hodei Exposito Gipuzkaoko lau terdiko txapelketan finalerdietara sartu dira. Lizeagak Azkoitin jokatu behar zuen, baina aurkariak ezin izan zuen jokatu eta 0-22ko emaitzarekin finalerdietara pasa da pelotari jubenila. Seniorretan, Hodei Expositok 22-7 garaitu zuen Lapkeko Larrañaga eta finalerdietan dago dagoeneko. 4-0 hasi zen galtzen Exposito, baina gero aldeko jarri zitzaion partidua eta oso gustora aritu zen. Sakearekin min haundia egin zuen astigartarrak.
C.D.Hernaniko pelotariek emaitza onak izan zituzten oro har. Guztira, orain jokatzen ari diren bi txapelketa ofizialetan, 8 garaipen eta 7 porrot izan zituzten. Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketan, emaitza onenak kontsolazio fasea jokatzen ari diren hiru pelotarik lortu zituzten. Final laurdenetako partiduak izan ziren eta garaipena lortu zuten lautik hiruk. Hain justu, Anartz Oiartzabalek, lehenengo mailako gazteak, 20-22 irabazi zion Alonsori (Abantzu). Zestoan neurtu zituzten indarrak, eta finala datorren astean izango da.
Bestalde, Xabier Salaberriak 22-11 garaitu zuen Artetxe (Intza), lehenengo mailako seniorretan. Hori horrela, finalerako sailkatu da hori ere. Eta, azkenik, Unax Uitzik, bigarren mailako seniorrak, 22-17 garaitu zuen Oiarpe.
Bere aldetik, Oier Alegria hernaniarrak 22-11 galdu zuen Oiarperen aurka; eta emaitza horrekin, beraz, txapelketatik kanpo gelditu da.
Trinketean, soilik bi partidu jokatu ziren. Lau t'erdikoan ez bezala, emaitzak ez ziren parekatuak izan. Bi partida bakarrik jokatu ziren txapelketa honetan eta emaitza oso ezberdinak lortu ziren. Jubeniletan, Arluziaga- Apaolaza bikoteak 40-30 irabazi zuten Behar Zana (Villabona) taldearen aurka eta jardunaldi baten faltan finala jokatzeko sailkatu dira.
Lehen mailako seniorretan, Cisnerosek-Alvarezek 40-20 galdu zuten Urmeneta-Chiapusoren (Eple) aurka, mailari eusteko funtsezko partida zen eta orain asko zailtzen zaie jaitsiera promozioa saihestea.
Salaberria, kanporatuta
Iker Salaberria eta Odei Etxebarria promozio txapelketatik kanpo geratu dira, ostiralean Elordi-Garmendiaren kontra 22-18 galdu eta gero. Partidu bakarra geratzen zaie amaitzeko.