Ohorezko Mailako Hernanik garaipenarekin bigarren postuan amaitu du lehenengo fasea

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 27a, 00:00

Hernani eta Mundarrok berdindu egin zuten golik gabe Jubenil Ohorezkoetan.

0-1 irabazi zuen Astin Zarautzen aurka eta orain final laurdenak jokatuko ditu igoera fasean. Mundarrok 0-0 berdindu zuen Santo Tomas Lizeoaren kontra eta Hernaniko jubenilek eta Euskal Ligako neskek 2-0 galdu zuten.

Emaitza desberdinak izan dituzte bailarako talde nagusiek pasa den asteburuan. Hernanik galdu egin zituen Euskal Ligako eta Jubenil Nazionaleko partiduak, biak 2-0, Oiartzun-Intxaurdi eta Barakaldoren kontra hurrenez hurren. Mundarrok berdindu egin zuen, 0-0, Gorengo Mailan Santo Tomas Lizeoaren kontra Berion eta azkenik Hernaniko Ohorezko Mailako taldeak 0-1 irabazi zuen, Astin, Zarautzen kontra. 

Taldea igoera fasera sailkatuta zegoen arren, Astiko berdegunera irten ziren garaipena lortzeko asmoz eta helburua lortu zuten. Unai Munduatek aldaketa asko egin zituen hasierako hamaikakoan aurreko partidarekin alderatuta eta Liza, Ruben edo Beñat Mendizabalek denbora behar izan zuten partidura egokitzeko.

Mancik, ordea, aukera ona izan zuen 35. minutuan Manexekin egindako konbinazio on baten ondorioz eta bere jaurtiketa Zarautzen atezainak urrundu zuen. Manexek bere abiadurarekin aurkariaren defentsa etengabe gainditzen zuen, baina ez zuen zorterik izan jokaldia amaitzerako orduan.

Apurka-apurka, Liza zelai erdiaz jabetzen hasi zen Urcelay haundi batekin, baloiak lapurtzen, eta Beñatek jokaldi bakoitzean arriskua sortzen zuen.
Lehen zatian, etxekoek aukera bakarra izan zuten, Osak area kanpotik egindako jaurtiketa bikain batean.

Atsedenaldiaren ostean,  hernaniarren nagusitasunak jarraitu zuen. Yaniz eta Olivenzak erditik min asko egiten zuten, eta Eñaut Apezetxea gaztea beraien pare zegoen.

Gola Hernanik izan zuen abagune ugarietako batean iritsi zen. Horrela, 62. minutuan, Rubenek zelai erdian Eñauten baloi bat jaso zuen, Manciri pasa eta honek, eskuinerantz zijoala, jaurtiketa estu batekin atezaina gainditu zuen.

Golaren ostean, Munduate aulkia mugitzen hasi zen jokalari batzuei atseden emateko, eta Sarasola, Jon Mikel Muñoz, Rubio eta Domin zelairatu zituen. Zarautzek azken aukera izan zuen urrunetik egindako jaurtiketa batean.

Datorren astean atseden eguna izango da lesionatuak berreskuratzeko eta orduan, Mutrikuk eta Bergarak euren partidu atzeratua jokatu ondoren, Hernanik final laurdenetako aurkaria ezagutuko du. Final laurdenak eta finalerdiak joaneko eta bueltako partiduan erabakiko dira eta finala berriz, partidu bakarrera. 

Porrotarekin itzuli zirenak Euskal Ligako neskak eta Jubenil Nazionaleko mutilak izan ziren emaitza berdinarekin, 2-0. Jubenilek  Barakaldon galdu zuten eta Euskal Ligakoek Oiartzunen. Jubenilek aste honetan bi hitzordu garrantzitsu izango dituzte Zubipen, etzi asteazkenean 19:00etan Amorebietaren aurka eta igandean 16:30ean Antiguokoren aurka. Bi aurkari zuzenak eta garaipenak bakarrik balio dio Andoni Loranek zuzentzen duen taldeari.

Hernani-Mundarro, golik gabe

Mundarrroko talde nagusiek 0-0 berdindu zituzten euren bi partiduak. Gorengo mailan golik gabe amaitu zen Berion, Santo Tomas Lizeoaren aurkako partidua eta Zubipen, golik gabeko berdinketa egon zen Ohorezko Jubeniletan, Hernani eta Mundarroren arteko derbian. Sailkapenean bi taldeak erdian daude kokatuta. Gorengoan Hernanik berdindu egin zuen bana Urnietaren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!