Larunbat honetan, maiatzaren lehenean, Langileen Nazioarteko Eguna da. Horren haritik, hainbat mobilizazio antolatu dira Urumea bailaran. Hernanin, eguerdian eta arratsaldean izango dira elkarretaratzeak eta urtero moduan, ikasleak, langileak, pentsionistak eta bestelako herritarrak batuko dira aldarrikapenera. Batetik, LAB sindikatuak eguerdirako egin du deia. 12:30etan jarri du hitzordua, Plazan. Horren aurretik, 12:15etan, gazte blokea aterako da Atsegindegitik, Ernaik antolatuta. Bestetik, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak arratsaldean egingo du mobilizazioa, 20:00etan, Plazatik hasita.
1886ko maiatzaren 1era atzera
Larunbat honetako ospakizunaren sorburua 1886ko maiatzaren lehena da, duela 135 urteko maiatzaren bata. Hain justu, egun hartan greba orokorra izan zen Ameriketako Estatu Batuetan. Salatu zuten 18 ordu eta gehiagoko lanaldiak egitera behartuta zeudela eta, beraz, 8 orduko lanaldia aldarrikatzeko atera ziren kalera. Iraultzaren epizentroa Chicago izan zen, izan ere, immigrazio-tasa altuko hiria zen. Langileek kaleak hartu zituzten eta beraien eskubideen alde borrokatu zuten.
Edonola ere, proposatutako lanaldia ez zen onartu eta poliziaren erantzuna errepresio oldarkorra izan zen. Are gehiago, grebalari ugari tiroz hil zituen poliziak. Baina hori gutxi balitz, kaos horren guztiaren erdian, ustez poliziaren aurkako bonba bat lehertu zen eta polizia bat zendu zen. Gertaera hori medio, sei langile atxilotu eta auziperatu zituzten, errudunak zirela inork frogatu ez zuen arren. Haymarketeko atentatua deitu zitzaion horri; eta langileei, aldiz, Chicagoko martiriak izena eman zitzaien. Auziperatutako sei langileei heriotza zigorra ezarri zieten; baina, azkenean, horietako biri bizitza osorako bortxazko lanengatik konmutatu zieten zigorra.
Horregatik guztiagatik, Parisen izan zen Bigarren Internazionaleko Biltzar Konstituzionalaren itxiera ekitaldian, 1889ko uztailaren 20an, 1890garren urtetik aurrera, zetozen urteetan, maiatzaren bata ospatzea erabaki zen. Lanaren Eguna deitu zitzaion, Langileen Nazioarteko Eguna. Modu horretan, hiru urte lehenago, 1886ko maiatzaren 1ean AEBetan gertatutakoa gogora ekartzeko; eta, era berean, zortzi orduko lanaldiaren aldarrikapenari segida emateko.
«Haiek oroitzen jarraitzea ez da kasualitatea»
Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak (BKS) mobilizaziorako deia egin du. Aipatu moduan, larunbatean izango da, arratsaldeko 20:00etan. Adierazi dute Chicagoko «borroken martiriak» oroitzen jarraitzea ez dela kasualitatea. «Arnas luzeko borroka baten alde ilunak eta argiak, porrotak eta garaipenak lotzen dituen eguna dugu maiatzaren lehena. Borrokaren alde gordinena zein garaipen argia. Langileriaren askapenaren alde emandakoa dakargu oroimenera», helarazi dute. Horrez gain, BKSren esanetan, «ahaztu ezin diren ikasgaiak» dira horiek. «Atzera begirada etengabeak ahalbideratzen digu aurrera egitea, gaurko estrategia eraginkorrak zirriborratzea helburu historiko horien bidean».
Hainbat aldarrikapen egiteko antolatu dute larunbateko mobilizazioa. «Mendebaldeko munduan eraiki zen ongizate estatuaren azkenetan gaude egun, langileriaren proletarizazio fase batean. Klase borroka bere gordinera itzultzen ari da, era askotariko krisi berri batek zabaldutako eremu malkartsuan. Proletargoa bere burua defendatzeko askatasun politikorik gabe, debekatuta kapitalaren krisi zein salbuespen egoera batek itota».
Horregatik, diote, «egoera honek gure ekarpen xumea egitera garamatza langile mugimenduaren historian eta antolakuntza komunistaren beharra azpimarratzen dugu, proletargoaren egungo arazoei irtenbidea emateko. Historiak emandako ikasgaiei kasu eginik, langileriaren programa historikoarekin bat egiten dugu». Horri gehitu diote beraien borroka dela «zapalkuntza ororen aurkakoa eta langileriaren askatasun eta klase gizartearen aldekoa».
Bestalde, 1886ko maiatzaren 1a ekarri dute gogora, eta egun hura gogora ekartzeko eskatu dute. «Egun horrek dakarren ondare iraultzailea birgogoratzeko eta gaur sozialismoaren aldeko borroka lehen lerrora ekartzeko mobilizatuko gara Hernanin». Horrela, bada, hauxe da helarazi duten mezua: «Dei egiten dugu gurekin bat egitera. Antolakuntza komunista hedatuz doa eskualdean, eta sozialismoa gaurdanik eraikitzen hasi behar dugu».
Joan den urtean, konfinatuta egin ziren errebindikazioak
Aurtengo egoera berezia bada ere, joan den urteko maiatzaren 1a konfinamendu garaian izan zen eta, ondorioz, ez zen kale mobilizaziorik izan. Hala ere, horretarako aukera ez bazegoen ere, langileek eta sindikatuek etxetik egin zituzten aldarrikapenak. Sindikatu bakoitzak bere ekimen propioak antolatuko bazituen ere, irudi komun bat partekatuko zuten LABek, ELAk, ESKek eta Steilasek. Balkoiei eta leihoei eman zieten protagonismoa, herritarrek ikurrak jarri baitzituzten horietan.
Horrez gain, LABek egun osoko egitarau zabala prestatu zuen maiatzaren lehenerako. Besteak beste, streaming bidez proiekzioak eta solasaldiak egin ziren. Zehazki, zaintza lanei buruz aritu ziren eta Hokoke eta Shockaren doktrina dokumentalak proiektatu zituzten. Gainera, mobilizazio ibiltariak, autokarabanak, antolatu zituzten eskualdeka; eta, sindikatuaren ekitaldi nagusia ere izan zen, nazioartean mezua zabaltzeko.
Bere aldetik, ELAk Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren agerraldia egin zuen sindikatuko sare sozialen bidez. Era berean, UGTk eta CCOOk adierazpen bateratua egingo zuten. Langile guztiak eta, bereziki, funtsezko zerbitzuak ematen dituztenak aintzatesteko ekitaldia eta adierazpen birtuala egin zuten. Hori ere sare sozialen bidez egin zuten. Eta, amaitzeko, kontzertu solidarioa eskaini zuten, sindikatuaren webgunean.
Nafarroari dagokionez, polemika izan zen eskualdean. Izan ere, Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu egin zituen LABek maiatzaren lehenerako aurreikusita zituen lau auto karabana. Hain zuzen, Iruñean, Lizarran, Tafallan eta Sakanan egitekoak ziren, baina gobernuak debekatu egin zituen. Edonola ere, streaming bidezko agerraldiak ere izan ziren, bai dokumentalen proiekzioak, bai solasaldiak.