Modalitate guztiak martxan dagoeneko, errenta kanpainak

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 24a, 00:00

Hernaniko bulegoan ere, dagoeneko martxan da errenta aitorpena aurrez aurre egiteko zerbitzua.

Aste honetan jarri dute martxan, Gipuzkoan zein Nafarroan, aitorpena modu presentzialean egiteko aukera.

Apirilarekin iritsi da, ohi bezala, aurreko urteko ekonomia pertsonalari begira jartzeko ga­raia; iazkoak eman zuenari erre­paso ekonomikoa egiteko garaia, alegia. Apirilaren 12an hasi zen errenta aitorpenaren kanpaina, bai Gipuzkoan eta bai Nafarroan; eta dagoeneko martxan dira modalitate guztiak, herritarrentzat: internet bidez egin daiteke, jasotako proposamena onartuta edo norberak berea eginda; telefonoz ere eskatu daiteke laguntza, edo jasotako proposamena onartzeko deitu; eta aste honetatik aurrera, bulegoetan ere ari dira aitorpenak egiten, modu presentzialean.

Gipuzkoan zein Nafarroan, joan den astelehenean ekin zioten aurrez aurrekoari, internet bidez moldatzen ez direnei edo aurrez aurre egitea nahiago dutenei zuzenduta, administrazioek dei berezia egin duten arren, egungo egoeran bereziki, internet bidez egiteko. Eta gero eta gehiago dira, internet bidezko aitorpenera jo dutenak, administrazioek emandako datuetan ikus daitekeenez. 

Nafarroako Gobernuak astelehenean egin zuen kanpainaren aurreneko balorazioa, eta nabarmendu zuen, astebetean 15.074 aitorpen aurkeztu zituztela Nafarroako zergadunek. «Dagoeneko 87,2 milioi euro bueltatu dizkiegu zergadunei», adierazi zuen Elma Saizek, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak.
Datuak are esanguratsuago­ak dira, beharbada, Gipuzkoan. Errenta kanpaina hasi eta hurrengo egunean eman zituen aurreneko datuak Foru Aldundiak, eta azaldu zuen, 40.342 proposamen onartu zituztela zergadunek kanpainaren aurreneko egunean; joan den urtean baino %7,8 gehiago, hain justu. Horietan, zergadunei dirua itzultzekoak ziren aitorpen gehienak (34.577 aitorpen), 38,8 milioi euroko kopuruagatik. Gainerako 5.765 aitorpenetan, berriz, ordaintzekoa zen emaitza, eta 4,9 milioi euro jasoko ditu Gipuzkoako Ogasunak, horiengatik. Ordaintzekoak diren errenta aitorpenetan, uztailaren 1ean ordaindu beharko da kopuruaren %60a, eta azaroaren 10ean beste %40a.

Bulegoan egiteko aukera, Hernanin bertan

Ziztu bizian bete ditu aurreneko 10 egunak, hortaz, aurtengo errenta kanpainak. Baina errenta mekanizatua, aurrez au­rre egitekoa, hasi besterik ez da egin. Astelehenean ekin zioten, horretarako prestatuta­ko bulegoetan. Ohi bezala, Her­nanin dago horietako bat, La­tsunbeberri auzoko 8 eta 9 zenbakietan. Bestela, Donostiako hiru bulegoetan (Errotaburu pasealekua 2, Secundino Esnaola 10-12 edo Sancho El Sabio 9) egin daiteke, edo Errenteriakoan (Santa Klara 2). Horiek dira gertuen dauden bulegoak, hernaniar eta astigartarrentzat. Azpeitian, Beasainen, Bergaran, Eibarren, Irunen eta Tolosan daude gainerakoak. Guztietan, 08:00etatik 14:00etara bitartekoa da ordutegia, astelehenetik larunbatera. Horretarako, noski, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua, 943 11 30 00 telefonoan (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara), edota inter­net bidez, gipuzkoa.eus/ogasuna web orrian, Errenta 2020 atalean.

Nafarroan, berriz, lau dira errenta aitorpena aurrez aurre egiteko zabaldu dituzten bulegoak. Iruñeko Baluarte Erakusketa Aretoan dago horietako bat, aranoar eta goizuetarrek gertuen daukatena. Beste hirurak, Tuteran, Tafallan eta Lizarran zabaldu dituzte. Hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik: 948 50 55 05 eta 948 50 55 06 telefonoetan; edo internet bidez, renta.navarra.es/errenta-bulegoetan webgunean.

Proposamena onartu edo aitorpena egiteko pausoak, internet bidez

Ogasunaren proposamenik jaso dugun konprobatzea da aurreneko pausoa, nabarmendu dutenez. Izan ere, etxean gutunik ez jaso arren, baliteke Ogasunak proposamenik egin izana: renta.navarra.es eta gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta web orrietan kontsultatu daiteke hori.

Proposamenik jaso duenak, au­kera izango du zuzenean onar­tzeko (webgunean bertan edo telefonoz); aldaketaren bat egin eta onartzeko; edota proposamena ezeztatzeko. Aldaketa horiek izan daitezke, esaterako, etxearen alokairuari dagozkionak edota egindako donazioenak. Proposamenarekin ados ez dagoenak, berriz, bulegoetan egiteko eskatu dezake hitzordua, edo internet bidez egin errenta aitorpena.

Online egiteko, hainbat pauso eman beharko ditu zergadunak, baina ez da prozesu zaila. Gipuzkoarrek, Zergabidea plataformaren bitartez (zergabidea.gipuzkoa.eus) egin beharko dute.  Dagoeneko aurreko urtetik Bak kodea daukanak, zuzenean sartu ahal izango du, errenta aitorpena prestatzen hasteko. Bestela, Non eta nola eskatu Bak? atalean sartu beharko dugu, kodea eskatzeko. Horretarako, gure datu pertsonal batzuk eskatuko dizkigute, eta aktibazio kode bat jasoko dugu, eta behin aktibatuta, mugikorrean jasoko dugu gure pasahitza. Hori aldatu beharko dugu ondoren, guk nahi duguna jartzeko.

Behin Bak kodea lortuta, Zergabidea plataformaren hasierako orrialdera bueltatu, eta NAN zenbakia izango da gure erabiltzailea, eta guk aukeratutakoa pasahitza. Horiekin sartuko gara, errenta aitorpena egiteko. Behin barruan gaudela, Aitorpen zirriborroak ikusiko dugu, eta 109 ereduan egingo dugu klik. Ondoren, Aitorpen berria sakatu, 109 eredua aukeratu, eta aitortzailea nor den hautatuta eta 2020 ekitaldia dela jarrita, sortu egingo dugu, aitorpena osatzen hasteko.

Nafarren kasuan, antzekoa da prozesua. Errenta online egiteko atarian sartu beharko dugu (renta.navarra.es/errenta-online) eta markatuko dizkiguten pausoak jarraitu. Aurrenekoa izango da PINa, Cl@ve edo ziurtagiri digitala eskuratzea, eta bertan egin daiteke. Atari horretan bertan daukagu lotura, baita ere, gure datu fiskalak zein aurreko urteko aitorpena eskuratzeko.

ERTEan egon diren langileek, baliteke aurten aitorpena derrigor egin behar izatea, aurreko urteetan egin beharrik izan ez badute ere.

Hortik aurrera, hasi gaitezke errenta aitorpena egiten, Errenta online egin botoia sakatuta. Tramitazioaren atala zabaldu, eta Tramitatu sakatuko dugu. Hurrengo pantailan, aukeratuko ditugu hizkuntza eta 2020 ekitaldia, eta aitortzaileak gehituko ditugu. Horretarako, erabiliko dugu aurrez eskuratu dugun klabea, hiruetako edozein dela ere. Errenta aitorpena bikotekidearekin batera egin nahi badugu, aitortzaileen zerrendan sartu beharko ditugu biak.
Behin hori eginda, Hasi sakatuko dugu, eta hurrengo pantailan, aitorpenaren zirriborroa azalduko zaigu. Hori aukeratu eta aurrera eginda, lau pauso eman beharko ditugu aitorpena egin eta aurkezteko: datu pertsonalak eta familiarrak bete, datu ekonomikoak sartu, aitorpenaren emaitza konprobatu, eta aitorpena aurkeztu.

ERTEetan egon zirenentzat, aldaketak

Urteroko kontua da errenta aitorpena, 2020 ekitaldiak badu berezitasunik eta aldaketarik, zenbaitentzat. Izan ere, ERTEan egon dira langile asko, pandemiaren etenaldiak eraginda, batzuk egun gutxitan eta beste batzuk hilabete luzetan. 

ERTEan dagoen langileak ja­sotzen duen diru kopuruari, PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) kentzen diote, soldatarekin gertatzen den bezala, langilearen aurreko urteko errenta kontutan hartuta. Eta errenta aitorpenean, soldata bezalaxe sartuko ditugu ERTEan geundenean jasotako diru sarrerak, lanaren etekinetan. Horretatik atxikitu diguten PFEZa ere, atxikipenetan gehituko dugu aitorpenean. Beraz, soldataren baliokidea izango da ERTEaren diru kopurua, azken batean.

Baina aldaketarik ere ekarriko dio zenbaiti, bereziki errenta altua izan ohi ez dutenei. Errenta aitorpena derrigor aurkezteko, laneko etekinak 22.000 eurotik gorakoak badira urtean. Baina etekin horiek bi enpresa/erakunde edo gehiagoren eskutik jaso baditugu, 14.000 eurotik gora derrigor aurkeztu beharko dugu aitorpena, horietako bakoitzetik gutxienez 1.500 euro jaso baditugu. Eta kontua da, ERTEen ordainketaz SEPE arduratzen denez, bi ordaintzaile ezberdin izan dituztela langile horiek, 2020 urtean. Beraz, errenta aitorpena aurkeztu beharko dute, betiere bi muga horiek gainditu badituzte.

Espainiako Ogasunak azaldu duenez, estatuan asko dira egoera horretan daudenak. Guztira, 327.000 zergadun inguru dira errenta aitorpena derrigor egin beharko dutenak, arrazoi horrengatik.

ERTEekin, bestalde, bigarren arazo bat ere sortu da: SEPEk kopuru egokia ez ordaindu izana langileari, gehiago baizik. Kasu horretan, errenta aitorpenari begira, ezberdina da egoera, gehiegizko kopurua bueltatu den edo ez kontutan hartuta. Dagoeneko bueltatu bada, zergadunaren datu fiskaletan dagoeneko zuzen egongo da kopurua, eta errenta aitorpena normal egin ahal izango du, datu horiek kontutan hartuta.

Aldiz, oraindik ez bada gehiegizko kopuru hori bueltatu, bi aukera izango dira. Gertatu daiteke SEPEk dagoeneko hasi izana erregularizazio prozesua, eta kasu horretan, zergadunari jakinaraziko dizkio bi kopuruak: ordaindu dena, eta bueltatu beharrekoa. Kopuru horiekin ados egonez gero, zergadunak errenta aitorpena egin ahal izango du kopuru horien arteko diferentziarekin, eta aitorpenean sartuta benetan zein izango den laneko etekina. Baina gertatu daiteke, era berean, SEPEk oraindik ez hasi izana erregulazazio prozedura. Horrela bada, zergadunak ez du jakingo zein izango den kopuru zuzena, eta gehiegizko kopuruarekin egin beharko du aitorpena. Gero, SEPEk kopuru zuzena jakinarazitakoan, errenta aitorpenaren zuzenketa eskatu ahal izango du, eta bueltatu diezaiotela ordaindu duen gehiegizko kopurua.

Hori guztia kontutan hartu dute administrazioek, eta laguntza eskainiko diete, egoera horretan daudenei. Nafarroako Gobernuak, esaterako, azaldu du araudian aldaketa batzuk egin dituztela, ERTEak eragindako langileek aukera izan dezaten bueltatu beharreko kopuru horiek 2020ko errenta kanpainan txertatu ahal izateko. Eta era berean, aukera izango dute ordainketa bost epetan egiteko, abuztutik aurrera eta inolako interesik gabe.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!