Azkeneko urteotan, ikusi ditugu Urumea bailarako gozotegietan, bizkotxo berezi batzuk, arrautzak gainean dituztela eta apaingarri ugarirekin, data hauetan. San Markos opilak dira, izatez Bidasoaldeako eta Oarsoaldeako ohitura, baina dagoeneko Urumean ere sustraiak botatzen hasi dena. Gozotegietara iritsi baino lehenagotik ere, bertako askoren etxeetan izaten dira opilak urtero.
Izan ere, amandreek beraien haur besoetakoei egiten dieten oparia da opila, hutsik egin gabe, ezkontzen diren arte. Hortaz, Bidasoaldean edo Oarsoaldean senideak dituztenek, txikitatik ezagutu dute tradizioa.
Bihar da San Markos eguna, eta Urumea bailarako hainbat etxetan ere izango dira opilak, Bidasoaldeako eta Oarsoaldeako ohitura izan arren. Amandreak oparitzen diete opila, beraien haur besoetakoei, ezkondu bitartean.
Mendiak eta soroak bedeinkatzeko prozesioetan, tradizioaren jatorria
Bihar da San Markos eguna, eta tradizioa aldatu egin bada ere, haurrek ilusio haundiz bizitzen duten eguna da eskualde horietan, bereziki Bidasoako herrietan. Garai batean, mendiak eta soroak bedeinkatzera joaten ziren San Markos egunez, prozesioan, goizean goiz abiatuta. Mendira bidean, baserriren batean geratzen ziren hamaiketakoa egitera, norberak eramandakoarekin: amandreak prestatzen zien ogi bat, egositako arrautzekin. Arrautz kopurua ez zen nolanahikoa: haur besoetakoak zeuzkan urteak adina arrautz jartzen zituzten.
Ogi hartatik opilerako aldaketa, diotenez, Elgorriaga txokolateen obradorean etorri zen. Emakume aberats batek, bere besoetakoari oparitzeko, Elgorriagari eskatu zion ogiaren partez egin zezala bizkotxo bat. Ideia hura zabaldu egin zen, eta opilak ordezkatu zuen ogia.
Beste aldaketarik ere izan du opilak, garai bateko prozesio haietatik: tintatuta egoten dira, gainean jartzen zaizkion arrautz egosiak. Kasualitatez sortu omen zen ohitura hura, Elgorriagan bertan. Almendra garrapiñatuak egiten zituzten kobrezko eltzea garbitzeko eta azukre hondarrak kentzeko, irakiten jarri zuten ura eltzean; eta ur hori aprobetxatu zuen haietako batek, opiletan jartzeko arrautzak egosteko. Kontua da, kolore arroxa deigarri batekin atera zirela arrautz egosiak eltzetik. Eta kasualitate hura, ohitura bihurtu da gerora.
Apaingarri koloretsuak, opilaren bereizgarri
Gaur egun, baina, ez dute egiten prozesiorik, mendiak eta soroak bedeinkatzeko. Horren ordez, goizean elizara eramaten dituzte opilak haurrek, zapietan bilduta, bereziki Irunen eta Hondarribian. Eta garai bateko prozesioetako hamaiketakoa bedeinkatzen zuen bezala, bedeinkatzen ditu apaizak, gaur egun, San Markos opilak.
Ondoren, eguerdian, taldetan igotzen dira San Martzial, San Markos edota Guadalupera, eguna bazkari baten bueltan ospatu eta opilaz gozatzera.
Opilak berak ere izango zuen aldaketarik; almendra irina gehitu zitzaion, besteak beste. Eta sekreturik ere ba omen dauka bere errezetak, gainerako bizkotxoetatik bereizten duena. Etxean egiteko, dena den, nahikoa da ohiko bizkotxoa egitea, eta gainetik mermelada jartzea (albarikokearena adibidez), apaingarriak izango baitira bere berezitasuna. Batzuek, mantendu egin dituzte arrautz egosiak, bere kolore arroxa bereizgarri dutela; eta beste batzuek txokolatezkoekin ordezkatu dituzte. Biak tartekatu ere egiten dituzte zenbaitek.
Eta horiekin batera, ezin dira falta jostailuzko txitoak eta koloretako lumak. Hortik aurrera, nork bere gustura apaintzen du opila: gorringo gozoak, fruitu lehorrak, goxokiak, bolatxoak...
Besoetakoa ezkondu bitartekoa, amandrearen opila
Opilen itxura koloretsua eta deigarria ikusita, ez da harritzekoa beraien San Markos opil propioaren zain egotea haurrak, urtero. Tradizioak dio, amandreak oparitu behar diola opila besoetakoari, San Markos egunez, hura ezkontzen den arte. Hortik aurrera, akabo amandrearen opilak! Tradizioa zorrotz betetzen dutenen kasuan, behintzat...
Eta gaur egunera arte, horri eutsi diote Bidasoaldean eta Oarsoaldean. Baina San Markos egunaren aitzakian, gero eta zabalduago dago opilaz gozatzea, gozotegian erosita edo norberak etxean eginda. Askok izango dute aurtengoa prest, dagoeneko, Urumea bailaran bertan ere.